Hemeroteka

2025-11-24

Ipuin Kontalarien XI. Maratoia egin dugu

 

Ipuin Kontalarien XI. Maratoia egin dugu Donostia Kulturarekin elkarlanean; hain zuzen, Donostiako Haur Liburutegiarekin. Galtzagorrik egitasmo ugari antolatzen ditu eta, guztien artean, maratoiak xarma berezia dauka goizean goizetik Liburutegi Nagusiko sotoan, kriptan, sartu eta kanpoko munduarekin komunikazioa eteten da ipuinak entzun bitartean. 2 urteko haurrei zuzendutako ipuinetatik hasi, eta helduentzako ipuinak entzuten amaitzen dugu maratoia iluntzean.

Aurtengo edizioan Oihana Etxegibelek hartu zituen haurrik txikienak eta umoretik eta hiperboletik berehala bereganatu zuen publikoaren atentzioa. Jarraian, Ines Bengoak haur koskortuagoak hartu zituen eta Japoniara eraman zituen kamishibai kontatuz, zoragarria izan zen ipuinak eta igarkizunak nola eman zituen, are gehiago haurrek nola hartu zituzten ikustea. Bazkalostean Nerea Ariznabarretak eta Mariano Hurtadok, musikaz lagunduta eta dantzaz lagunduta, siuxen kondairak ekarri zituzten, baita rapak ere. Amaitzeko, publiko helduaren aurrean aritu zen Maider Alcelay Igor Sala soinu-jolea lagun zuela; memoriari heldu zion Alcelayk, amonari entzundakoa bere egin eta kontakizun bidez transmititu zigun.

Aurten ere, maratoi zoragarria egin dugu denon artean.