Hemeroteka

2026-05-11

Ipuin kontaketaz, dramatizazioaz eta antzerkiak bitartekaritza ikastaroan

Haur eta gazte bitartekaritza: bitartekaritzaren estrategiak eta praktikak ikastaroaren azken saioan ipuin kontaketari lotutako tresnak eman zizkigun Amaia Egidazu idazle eta kontalariak; bestetik, antzerkigintzaren ikuspegia eta dramatizazioaren praktikak egin zituen Intza Alkain aktoreak. 

Egidazu izen guztiek istorio bat dutela esanez hasi zen. Abesti bidez kontatu eta kantatu zituen aretora eraman zituen ipuinetako batzuk; zuzenean jaso eta erabili ditzaketen baliabideak eman zizkien bitartekariei: nola kokatu norberaren gorputza espazioan, nola modalizatu ahotsa, nola moldatu kontaketa publikoaren arabera eta hamaika aholku gehiago eman zizkien; betiere, aholkuak praktika bihurtuz. Jolasak, igarkizunak eta, arestian esan bezala, kantua erabiltzen ditu bereziki; publikoaren parte hartzea bilatzeko estrategiak ere eman zizkien. 

Intza Alkainek, bitartekariak zutik jarri aurretik, antzerkiaren eta ipuin kontaketaren arteko muga lausoa dela esan zuen, «zenbait lengoaiek bat egiten dute bietan». Edonola den, haur antzerkia generotzat hartu zuen eta dramatizazioa lan tresna sorta gisa aurkeztu zuen; dramatizazioaren eskutik gorputzak eta zentzumenak prestatu daitezke antzerkirako. Hala, zutik jarrita ikasleekin ariketa sorta bat egin zuen; den-denak ikasle diren bitartekariek euren kabuz erabiltzeko modukoak.