“Zurtz” (Denonartean, 2025) eleberriak jasoko du 2026ko Haur eta Gazte Literaturaren Euskadi Saria, Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak jakinarazi berri duenez. Epaimahaiak “lanak umezurtztasunaren kontzeptuari ematen dion esanahi zabala eta iradokitzailea, bere adiera literaletik harago doana, eta pertsonaien ikuspegi desberdinen bidez eraikitako kontakizun-egitura aberats eta poliedrikoa nabarmendu du. Eleberriak sentiberatasunez jorratzen ditu hazkundearekin, nortasun propioaren bilaketarekin eta desberdina sentitzearekin lotutako bizipenak”. Halaber, eleberriak egiten duen hizkuntzaren zaintza, kontakizunaren erritmoa eta zenbait esaldiren indarra azpimarratu ditu.
Ez da Yolanda Arrietak HGL Euskadi Saria irabazi duen lehen aldia. 2015ean Argiaren alaba liburu autoeditatuarekin irabazi baitzuen.
Haur eta gazte literaturan nahiz helduentzako literaturan ibilbide sendoa egin du Yolanda Arrietak. Galtzagorri Elkarteko bazkide eta lankidea da, honen hainbat egitasmotan hartzen du parte. Idazketa sortzaileko lantegiak garatzeaz gain, familia zein bitartekarientzat prestakuntza saioak eskaintzen ditu, haurren artean irakurketa sustatzeko giltzarriak emanez.
Bestalde, aurtengo Literatur Lanaren Ilustrazioen Saria Kike Ibáñez Fernandezek irabazi du, A buen paso argitaletxeak argitaratutako “El diablo sobre ruedas” lanagatik.
ZORIONAK bioi!