Hemeroteka

2025-06-13

Herensugeei buruzko 10 istorio grafikoren haziak sortu dituzte Marrazioaken

Fin lan egin dute Marrazioak-eko aurtengo edizioan parte hartu duten 10 ilustratzaileek. Gaur egun dugun herensugearen irudi “infantilizatuari” aurre egin eta honek ipuin eta mitoetan duen sinbologia ekarri nahi zuen lehen lerrora Juan Kruz Igerabidek 2025eko Marrazioak jardunaldietara. Herensugeak ilustratzeko teknika anitzak erakutsi nahi zizkien Maite Gurrutxagak parte hartuko zuten ilustratzaileei. Gogotik saiatu dira partaideak eta, emaitza ikusita -dragoi eta herensugeak protagonista dituzten 10 istorioak- lortu dutela esan dezakegu.

Era guztietako istorioak hartu dituzte oinarri album bana abiatzeko: batzuk asmatu egin dituzte, beste batzuk aurrez sortutakoak beren erara errepresentatu, eta beste zenbaitzuk herensugeen ipuinen bertsioak abiatu dituzte. Lehenengo egunean kontatu zioten elkarri aurtengo tailerreko partaideek herensugeen zein istoriorekin lan egingo zuten bost egunetan zehar.

Ordutik, egunero, goiz zein arratsaldez, Igerabidek kontatu dizkien ipuinak entzun dituzte -hemengoak, atzerrikoak, beldurgarriak, baita barregarriak ere-; herensugearen sinbologiari buruzko eta hau irudikatzeko moduen inguruko azalpen teorikoak barneratu dituzte. Osagai horiekin guztiekin egin dute aurrera herensugeen 10 istorio grafiko hauek. Tailerraren azken egunean konplize izan dituzten bidelagunei erakutsi dizkiete.

10 herensuge ezberdin jaio dira, formatu eta teknika ezberdinekin egindako albumetan. Ez daude bukatuta baina hegoak jantzi eta abiatu dira hegan. Ea laster argia ikusten duten!