Udako ikastaroetan izena emateko epea zabalik dago eta UEUk eta EHUk antolatzen dituenen artean hautaketa bat egin dugu haur eta gazte literatura aldez edo moldez landuko dutela aurreikusita. Lehenengo eta behin, Mireia Delgadok, Baionan, uztailaren 8an, UEUk gazte literaturaren harira egin duten ikastaro batean parte hartuko du Galtzagorri elkartearen izenean. Ikastaroaren izena Literaturaren irakaskuntza Bigarren Hezkuntzan. Irakasle literaturazaleon topaketa eta 20 orduko iraupena izango du uztailaren 7an eta 8an banatuta. Mireia Delgado bitartekariak eta pedagogoak parte hartuko duen mahai-inguruari honako titulua jarri diote: Eskola-kanona: Irakurgaien hautaketa-pozesua (prozedura, irizpideak eta aukeratuak). Matrikula uztailaren 4ra arte egin daiteke.
EHUn Irakurketa eta idazketa. Zailtasunei heltzen ikastaroa egingo dute uztailaren 2tik 3ra Hezkuntza Sailak antolatuta. Helburuen artean, irakurtzeko eta idazteko zailtasunak ulertzea: trebetasun horien garapenean eragina duten faktoreak ezagutzea ezarri dute antolatzaileek.
Mariasun Landak Fabulatzeko abentura, idazteko esperientzia ikastaroa egingo du uztailaren 9, 10 eta 11n, eta helburua sormena eta idazteko gogoa piztea da besteren artean.