Galtzagorri elkarteak Iruñeko Udalarekin batera antolatzen duen eta Haurrentzako Albumak sortzeko Etxepare Sariaren eta Nafarroako Gobernuaren laguntza jasotzen duen BIKO-TEKA tailerrak hamargarrena du aurten. Lehenengo edizioan bezala, Harkaitz Cano eta Aitziber Alonso izango dituzte gidari aurten lantegian arituko diren 8 idazle eta ilustratzaile bikoteek.
Urtarrilaren 26tik 30era Iruñeko Kondestable Jauregian goiz eta arratsaldez arituko direnek albumei buruzko ikasgai teorikoak eskuratu, bikoteka sortze lanean aritu, taldean ariketa gidatuak burutu, elkar lagundu, aholkatu eta babesteko aukera izango dute beste behin ere.
Hamar edizio hauetan albumen sorreran hasten ari diren 140 egile baino gehiago ezagutu ditu Biko-Tekak.
Aurkezpena
Dagoeneko tradizio bihurtu da eta aurtengo 16 parte-hartzaileek ere elkar ezagutzeko aurkezpen erronda batekin hasi dute tailerra. Norberak objektu maite bat eraman behar zuen eta hori aldameneko lagunari pasata, hark aurkeztu behar izan du ondoko lagunaren biografia. Horrela ezagutu ditugu amama Pantxikeren diru-zorroa, Oxfordshireko liburutegiko bazkide-txartela, ideiei alde egiten uzten ez dien txapela, erroekin lotzen laguntzen zaituen zintzarria, kontrola kontrolpean izateko balio duen ordulari analogikoa, …
Hauexek dira hamargarren edizioan parte hartzen ari diren bikoteak:
Aintzane Uria/ Eva Pérez
Aiert Zubigarai/ Eider Pérez
Inés Alba/ Vanesa Cerqueira
Noemi Ruiz/ Mara Zubillaga
Saioa Aginako/ Ane Insausti
Unai Ruiz/ Naroa Martínez
Patricia Etxegarai/ Gotzon Barandiaran
Olaia Benito/ Zuriñe Etxeberria
Aurkezpenen ondoren, irakasleek aurretik duten aste trinkoari buruzko azalpen batzuk eskaini dizkiete parte-hartzaileei. Besteak beste, urteen poderioz tailerrak izan duen garapenaren berri eman diete, izan ere, gero eta gehiago dago lotuta bikote bakoitzaren album proiektuaren garapenari eta gutxiago teoria azalpen orokorrei.Norberaren proiektuan lan egin eta bide horretan gozatzeko helburua du tBiko-Tekak, esan dute Harkaitz Canok eta Aitziber Alonsok, eta zera gaineratu dute: "Zuetako bikote batek Etxepare Saria irabaztera eta besteak ia-ia irabaztera edo hemen hasitako lana argitaratzera ere bai, noski”.
Hamargarren edizio honetan bada beste mugarri bat ere: hautagai gehienak bakarka aurkzetu dira eta bikotean aurkeztu den ilustratzaile eta idazle bikote bakarra dago. Orain arte ez da inoiz halakorik gertatu, eta beraz, honek ere, esperimentaziorako aukera berriak zabalduko dizkio Biko-Tekari.
Euskarazko albumen ekosistema
Astelehenetik asteazkenera 9:00etatik 14:00etara eta 15:30etatik 18:30etara albumen ezaugarriak ezagutzeari eta proiektuen sorkuntzari eskainiko dizkiote idazle eta ilustratzaile bikoteek orduak. Ostiralean, astean zehar egindako bidea eta bakoitzaren helmuga elkarri aurkezteko aukera izango dute. Asteazkenean berriz, Erein argitaletxeko Uxue Razkin editorea eta autoedizioaz mintzatzeko eskatu diegun Tupust! Kolektiboko Maite Gurrutxaga eta Maite Caballero etorriko dira bisitan.
Honezkero Biko-Tekak Haurrendako Etxepare Saria irabazi duten sei album eman ditu, eta bertan jaiotako beste bost izenburu baino gehiago argitaratu dira hainbat argitaletxetan. Ziur aurten ere lantegi emankorra izango dela eta ekarpen aberasgarria egingo diola euskarazko albumen ekosistemari!