Galtzagorri elkarteak Iruñeko Udalaren laguntzarekin eta Etxepare Sarien antolatzaileen babesarekin antolatzen duen BIKO-TEKA tailerraren 9. edizioa hasi da Iruñeko Ziudadelako Armen Aretoan.
Hautatuak izan diren zortzi bikoteak lau eskutara arituko dira urtarrilaren 27tik 31ra bitarte albumak sortzen, Maite Mutuberria ilustratzaile eta Iñigo Astiz idazle nafarrak bidelagun dituztelarik. Astelehenetik ostegunera goizez eta arratsaldez arituko dira lanean eta ostiral eguerdian emango diote amaiera egonaldiari.
Martxan jarri zenetik igaro diren bederatzi edizioetan, BIKO-TEKA sortzaileen topagune bihurtu dela esan genezake. Horrexegatik, bikoteka lan egiteaz gain, parte-hartzaileek taldean aritzeko, elkar laguntzeko eta aholkatzeko aukera ere izanen dute astean zehar.
Tartean, euskal albumaren ikuspegia zabaltze aldera, 1545 argitaletxeko Xabier eta Eneko Salaberria oiartzuarren eta A fin de cuentos argitaletxeko Teresa Benítez bilbotarraren bisita izanen dute egonaldiaren erdialdean. Hiru orduz egonen dira haien proiektuak aurkezten eta BIKO-TEKAko ilustratzaile zein idazleekin hartu-emanean.
Tantaka iritsi dira Iruñeko Ziudadelara, euren aterkien azpian, aurtengo hamasei parte-hartzaileak eta goxo ezagutu dute elkar astebetez lantegi izanen duten aretoan.
Tailerrari hasiera emateko, Astizek eta Mutuberriak hartu dute hitza, parte-hartzaileei aurretik duten bidaiaren inguruko zertzelada batzuk emateko. Bi gidariek azaldu dutenez, pozarren hartu dute zortzi proiektuen bidelaguntza egiteko ardura eta azaldu dute bideak eta esperientziak zein ezberdinak izan daitezkeen, aurreko edizioetan BIKO-TEKAtik pasatako zenbait bikoteren esperientzia gogoratuz.
Aurekezpen laburraren ondoren, bertaratutako guztiek banaka-banaka atera dituzte haien poltsetatik etxetik ekarritako objektuak. Haien ezusterako, ordea, norberak ez du berak ekarritako objektua aurkeztu, beste batena baizik. Ederra izan da objektu horiek ekartzearen zergatia asmatzeko jolasa eta horien guztien inguruan sortu diren istorio eta hipotesiak entzutea.
Bikote bakoitzak bere lekua hartu du ondoren, astebetez lan egiteko erabiliko duen mahaiaren bueltan eseri eta denen aurrean esku artean dituzten proiektuak aurkeztu dituzte, baita dituzten ideiak, kezkak zein korapiloak partekatu ere.
Aste oparoa izanen da, ez dugu zalantzarik!