Hemeroteka

2026-01-30

Hamargarren BIKO-TEKA egin dugu

Bukatu da 2026ko BIKO-TEKA eta berriz ere beteta eta hustuta joan dira etxera parte hartu duten idazle-ilustratzaile bikoteak. Harkaitz Canok eta Aitziber Alonsok emandako azalpen, gidatutako ariketa eta eskainitako aholkuez beteta; indarrak ahituta, elkarrekin pasatako 35 orduetan egindako lan eskergarekin barruak hustuta.

Beste behin ere esperientzia zirraragarria izan dela aitortu digute parte-hartzaileek. Idazle eta ilustratzaileek elkarrekin egon, ideiak elkartrukatu eta lan egitera bideratutako espazio hau “luxutzat” hartzen baitute sortzaileek. Gidarien laguntza ere halakoxea da: ia bost egun oso bikoteen albumen proiektuak gidatzera eskaintzen dituzte.

Osagai hauengatik guztiengatik akaso, Galtzagorri elkarteak Iruńeko Udalarekin lankidetzan antolatzen duen BIKO-TEKA beti izaten da lantegi emankorra: urte hauetan fruitu ugari eman dizkio euskarazko albumaren eskaintzari. Aurtengoa ez da salbuespena izan, eta haurrentzako 8 album-hazi erein dituzte 7 bikoteek (ilustratzaile batek bakarka parte hartu du azkenean, izan ere, bikotekide zuen idazleak ezin izan zuen tailerrean parte hartu azken orduko ezusteko pertsonal baten ondorioz).

Ohi duten gisan, azken egunean elkarri aurkeztu dizkiete proiektuak. Parte hartu duten sortzaileen profila bezain anitzak dira aurten abiatutako proiektuen mamiak: Lotuta dauden txakurrak, kanpaiak jotzen ikasi nahi duen biloba, tanta bat protagonista duen istorioa, hitzak ahoan trabatuta dituen pertsona, album musikatua, emakume pilotariaren bizitza, loreen esanahiak, guraize maltzurrak, amonari landarea oparitu nahi dion neska…

Hauetako askok argia ikusi dezatela espero dugu!