Hemeroteka

2026-06-04

Hamar ilustratzailek parte hartuko dute tarotaren inguruko Marrazioak tailerrean

Ekainaren 8tik 12ra izango da aurtengo hitzordua. Dena prest dago: hamar ilustratzaile izan dira hautatuak Undermounten egingo dugun hemezortzigarren Marrazioak ilustrazio tailerrerako. Aurtengo ediziorako egitaraua eta ariketak ere pronto dituzte Ainara Azpiazu “Axpi” eta Uxue Alberdi gidariek. Ekarri beharreko materialen zerrenda ere ilustratzaile parte-hartzaileen eskura jarri dugu. Besteak beste, taroteko kartak edo karta-jolas ilustraturen bat ekartzeko eskatu diete irakasleek.

Izan ere, karta-sortak izango dira ilustrazio obrak sortzeko abiapuntu aurtengoan. Kartetako pertsonaiak eta egoerak baliatuko dituzte istorioak asmatu eta ilustratzeko. Ostiralerako horien ernamuinak landatuta egongo dira.   

Marrazioak ilustrazioaren inguruko ezagutzan sakondu eta sormena bultzatzeko tailerra izateaz gain, ilustratzaileen topagune ere bada. Bost egunez ordutegi jarraituan izango baitira elkarrekin ilustratzaileak. Espazioa eta denbora eskaintzen die beraz, tailerrak, ilustratzaileei: elkar ezagutu, ideiak konpartitu eta baita aurrera begira sinergiak sortzeko ere.