“Literatura esperientziak gazteekin” izeneko prestakuntza saioa egin berri dugu asteburuan. Gipuzkoako Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari esker Galtzagorri elkarteak duela 15 urtetik martxan duen irakurketa mintegiaren baitan eskaintzen dugu udazkenero hitzaldi, ikastaro edo mahai-inguru bat, haur eta gazte literaturaren gai eta alor ezberdinak arakatu nahian. Urteroko prestakuntza saioa egiteko lekua eskaini digu beste behin ere Donostiako San Telmo Museoak eta hantxe bildu gara 30 bat irakurketaren bitartekari. Gazteak irakurketara erakartzeko estrategien eta esperientzien egarriz bildu ere. Bi zati eta hiru hizlari izan dituen saio honetatik maleta bete ideia itzuli gara.
Mungiako Institutuan batxilerreko eta DBH4ko gaztetxoekin martxan jarritako ekimenen maleta zabaldu digu Miren Billelabeitia gazte-literatura bitartekariak. Billelabeitiarentzat “kromo trukea” bezalakoa izan behar du, funtsean, gazteekin egiten den irakurketaren lanketak: hainbeste eskaintzaren artean, helduok pista batzuk ematea, bideak proposatzea behar dute gazteek eta, ondoren, irakurketa elkar-trukea bihurtzen da helduok emandakoaren eta haiek jasotakoaren artean; eta alderantziz. Gazteak eskutik arinegi askatzearen arriskuez ere ohartarazi gaitu, izan ere, irakurtzearen mekanika, txirrinduan ibiltzea bezala, ez da inoiz ahazten baina irakurtzearekin gozatzeko, ezinbestekoa da errepikatzea, entrenatzea, ohitura bihurtzea, errutina.
Irakurketaren harra pizteko, urte hauetan martxan jarritako honako adibideak kontatu dizkigu Billelabeitiak: klasea hasteko poema bana irakurri izan die ikasleei, literatura tertulietan arakatutako poesia-liburuen bidez erakutsi die XX. mendeko poesiaren eta poeten historia eta eskola eta herria lotu ditu gaztetxoekin batera diseinatutako Lauaxetaren ibilbidearekin. Ikastaroan gu bihurtu gaitu gaztetxo eta tertulia bat nola egin erakutsi digu, tertulia bera eginez.
Kafearen ondoren, eszenatokia eta hizlariak aldatuta eman diogu hasiera prestakuntza saioaren bigarren zatiari. Oholtza gainean, sofa banatan eserita irakurketa taldeak gidatzen dituzten hiru emakume. Eider Perez, Nerea Loiola eta Olatz Mitxelena. Mitxelenak egindako galderei erantzun diote banaka-banaka Perezek eta Loiolak. Peru Magdalenak ezin izan du bertaratu, eta hutsik geratu den siloia, Eider Perezen gurpildun maletan etorri diren liburu, material, jolas, koaderno eta abarrek bete dute. Denak erakutsi dizkigu.
Hainbat herritan ugaritzen ari diren gazteen irakurketa eta idazketa taldeen dinamikak ezagutzeko gonbidatu ditugu Perez eta Loiola. Batak, Errenteriko Herri Arte Eskolan egiten du lan, eta astero gidatzen ditu ordu eta erdiko Hitza izeneko tailerrak gaztetxoekin. Besteak hilean behin ordu eta erdiko saioak egiten ditu gazteekin Zarauzko liburutegian. Maiztasuna eta mamia, beraz, ezberdinak diren arren, funtsean, sinergiarako espazioak dira, non zaletasun berberak dituzten gazteak biltzen diren, gidari edo laguntzaile batekin. Gune horietan irakurketa eta idazketa sozializazio modu bat izan daitezke. Nahi dutelako parte hartzen dute gazteek talde hauetan eta hori “sekulako abiapuntua da”, esan digu Nerea Loiolak.
Irakurketa eta idazketa modu ludikoan lantzen dute biek, baina era ezberdinetan. Hitza tailerretan Perezek hitza barnebiltzen duen edozein sorkuntza-lan jorratzen du gazteekin eta lau ardatz ditu taldearen dinamikak: sormen indibiduala, sormen kolektiboa, literatura jakintza eta hizkuntzaren garapena. Zarauzko liburutegian literatura tertuliak egiten dira eta saio bakoitzak bi zati ditu: lehenengoan Loiolak proposatutako liburuaren inguruko elkarrizketa egiten dute; bigarrengoan idazketa ariketak.
Egiten dutena oso modu intuitiboan egiten dute oraindik, bi gidariek aitortu digutenez. Batak zein besteak faltan dituzte estrategiak. Gazteen irakurketa eta idazketa-taldeen gidaritzan trebatzeko eta elkarren artean saretzeko mintegi edo prestakuntza egitarau baten beharra aldarrikatu dute. Eta hala, aurtengoa bide luze eta zabalago baten abiapuntua izan denaren sentipenarekin bukatu dugu.