Galiziako 1.100 eskoletatik 913 Eskola Liburutegietako sarean daude; hau da, eskola horietan guztietan liburutegiak daude, eta nolakoak. Maria Pousa Haur Hezkuntzako irakasle gisa ekin zion bere ibilbideari eta gaur egun Galiziako Xuntako Hezkuntza Sailaren aholkularia da Eskola Liburutegien eremuan. Noranahi begiratzen dugu hezkuntzari eta irakurketari lotutako ereduak bilatzeko, eta batzuetan pentsatu baino hurbilago ditugu. Galizia eredua da Eskola Liburutegien arloan eta Maria Pousak xehe-xehe aletu zigun hango proiektuaren nondik norakoa. Proiektua egonkortu da, eta errotuta dago hango eskoletako "gorputzetan"; nolanahi den, horrelako egitasmoek beti daukate ahuletik zer edo zer, kolore politikoetan eta karguetan aldaketak badaude. Edozein kasutan, Pousak azaldu zuen Eskola Liburutegi sistema harrigarria da guretzat, hemen gehienak desagertuak baitiria; Galizian, ordea, ohikoa da eskoletan liburutegia egotea.
Pousak eman zituen zenbait gako: eskola liburutegia bitartekaritza espazio bat da; lantalde batek egiten du lan, zeina irakasleak diren, ez liburuzainak; irakurtzea eta informazioaren alfabetizazioa ardatzak dira; lantaldea trebatzeko denbora eta dirua dago; fondoak erosteko dirua dago; norbaitek gidaritza orokorra egiten du (Mariarekin batera lan egiten duen lantaldeak) eta aholkularitza eta laguntza eskaintzen diete; eskola bakoitzaren lana ebaluatzen da eta ebaluazioaren araberako funtsak jasotzen dituzte; ikasleak boluntario bilakatzen dituzte; ikasleen parte hartzea bilatzen da eta haien ahotsa entzuteari ere bai.
Norbaiten jakin-mina piztu badugu, hona Galiziako Eskola Liburutegietako hezurra eta mamia azaltzen dituen bloga.