Hemeroteka


Elkarbanatu
2025-06-10

Exprairen lanak ikusgai Ilustratzaileen Txokoan

Aieteko Kultur Etxean (Donostia) Ilustratzaileen Txokoan Joseba Beramendi Exprai (Iruñea, 1973) lanak irailaren 7ra arte ikusgai egongo dira. 

Escola Joso Komiki eta Arte Bisualen Zentroan (Bartzelona) komiki, diseinu grafiko eta animazio ikasketak egin zituen. Urte luzez publizitate agentzietan lan egin du, diseinatzaile bezala. Horrez gain, komunikabide anitzetan aritu da eta aritzen da, betiere marrazketa alde batera utzi gabe: Xabiroiren zenbaki bakoitzean tira bat egiten du; Gara eta Berria egunkarietan udako zintak batean eta kontakizunak bestean ilustratu izan ditu; Xabiroi eta Ttap aldizkarietan ere marrazten du eta Gaztezulon kolaboratu izan du; Aizu! eta Nabarra aldizkarietan diseinatzaile eta ilustratzaile aritu; Euskalerria irratiko irratsaio bat gidatu zuen; irratietako tertulietan parte hartu du; eta zineman ere kolaboratu du Black is beltza 2: Ainhoa filmeko pertsonaia batzuk diseinatzen. Haur eta gazte literaturari dagokionez, 2024an Ruben Ruizek idatzitako Pellokeriak (Elkar) ipuin-bilduma ilustratu zuen. Obra horrek Mikel Zarate haur literatura saria irabazi zuen. Urte berean, bere lehenengo bakarkako lana argitaratu zuen, Zu hor eta ni hemen (Txalaparta), Palestinako gatazkari buruzko haurrentzako albuma. Bere azken lanetako bat, 2025eko apirilaren 1etik 12ra Antsoainen ospatu den Komiki Boom Azokaren aurkezpen kartela izan da.  

Euskaraz lan egiteari garrantzia handia eman dio bere ibilbide osoan zehar eta, zailtasunak zailtasun, euskal komunikabide eta agentziekin lan egiteko hautua egin du, baina komikiak –momentuz– Espainia aldean enkargatu eta argitaratu dizkiote.