Bigarren urtez jarraian Euskal Ilustrazioaren Eguna antolatu du Euskal Irudigile Profesionalen Elkarteak. Azaroaren 12arekin ospatzen da eta aurten Feillet ahizpak dira protagonistak eta haien bueltan antolatu ditu hainbat ekintza Euskal Herri osoan zehar Elkarteak. Izan ere, Feillet ahizpak ilustrazioaren aitzindariak izan ziren.
Hélène (1812-1889) eta Blanche Feilleték (1815-1886) Baionan igaro zuten euren bizitzen zati handi bat. Handik egin zituzten ibilbide asko eta asko eta ikusitako ohiturak, jendeak eta paisaiak marraztu zituzten gero gure historiaren lehendabiziko gida turistikoetan. Horregatik, aurten Ilustrazioaren Egunaren karietara Euskal Irudigileak elkarteak antolatutako jarduerek bidaia dute gai nagusi.
Mahai-inguruak, erakusketak, lantegiak eta topaketak antolatu dituzte Iruñea, Gasteiz, Bilbo eta Donostian. Egunaren karira, Feillet ahizpen lanak berrinterpretatu dituzte hainbat egilek. Besteak beste, Maite Rosendek egin du Egunaren kartela; Amaia Hennebuttek (ahizpen herenilobak), Sara Morantek, Maite Gurrutxagak eta Iñaki Landak ahizpen lanaren berrirakurketa ilustratuak egin dituzte eta horiekin osatu dute Feillet ahizpei omenaldia den erakusketa. Donostiako Aiete Kultur Etxean dago ikusgai abenduaren 13ra arte. Bertan dago ikusgai baita ere Euskal Ilustrazioaren iragana eta oraina erakusketa urtarrilera arte.
Haur eta Gazte Literaturan ezinbestekoa da ilustratzaileen lana. Ilustrazioak haurren oroimenean iltzatuta geratzen dira, irakurritako hitzen esanahia zabaltzen eta sakontzen laguntzen digute haur zein helduei, haur eta gazteen irakurtzeko zaletasuna sustatzeko paregabeko bidaideak dira. Ilustrazioa ezinbestekoa da Haur eta Gazte Literaturan. Literaturan orokorrean hala izatea nahi genuke. Galtzagorri elkartetik bat egiten dugu egun honen ospakizunarekin.