Hemeroteka

2023-10-02

Euskal ilustratzaileen puntako ordezkaritza Bratislavako Biurtekoan

Elena Odriozola eta Maite Gurrutxaga ilustratzaileek parte hartuko dute Bratislavako Ilustratzaileen Biurtekoaren 29. edizioan Galtzagorrik sustatuta eta Etxepare Euskal Institutuak emandako dirulaguntzari esker. Biurtekoa bihar hasiko da eta abenduaren 3ra arte Haur Literaturako ilustrazio lanik onenak bilduko ditu hirian.

 

Odriozola "Arrakastaren saloia"n

Odriozolak Grand Prix saria irabazi zuen azken Biurtekoan Etxean barrena (denonartean, 2019) lanarekin, Biurtekoak ematen duen sari garrantzitsuena da. Liburua gaztelaniaz idatzi zuen Gustavo Puerta Leissek eta Ediciones Modernas El Embudo argitaletxeak plazaratu zuen Odriozolaren ilustrazio zoragarriekin; euskarazkoa Juan Kruz Igerabidek itzuli zuen.

Grand Prix saria irabazi izanagatik, Odriozolaren lan ugari ikusgai izango dira  Biurtekoaren edizio honetan "Hall of Fame" izeneko erakusketan, Eslovakiako Kultura Ministerioaren egoitzaren erakusketa aretoan. Bere lanak 2022ko Andersen Sarien irabazleenekin batera paratu dituzte antolatzaileek, hots, Suzy Lee eta Marie-Aude Murail idazlearen obrarekin batera. Haur Literaturan diharduten hiru sortzaileak hainbat aldiz izan dira sarituak.  Erakusketa honen irekiera ekitaldian izango da Odriozola.

Gainera, Eslovakiako gobernuak, Bratislavako Ilustrazio Biurtekoari eskainitako seilu bat emititu du, non Elena Odriozolaren liburu sarituaren ilustrazio bat ageri den. (Ondoko irudian). 

 

Bi euskal egileren lanak lehian aurten

Guztira, munduko guztiko 36 herrialdetako 275 ilustratzaileren 355 liburutako 2072 ilustrazio aztertzen ari da Bratislavan nazioarteko epaimahaia. Horien artean Maite Gurrutxagaren Klak! (Elkar, 2022) hitzik gabeko albumekoak eta Yolanda Mosqueraren Itzal Itzela lanekoak (Ikaselkar, 2022). 

Bratislavako Biurtekora IBBYko atal bakoitzak bere herrialdean azken bi urteetan argitaratutako liburu ilustratuak proposatzeko aukera du. OEPLIk Gurrutxagaren eta Mosqueraren lanak hautatu zituen eta lehia horretan parte hartzen ari dira Espainiako Estatuko beste 8 ilustratzaileen lanekin batera.

Odriozolaz gain, Bratislavan da Gurrutxaga egunotan, eta han egingo den Maitagarrien ipuinei eskainitako sinposioan parte hartuko du, besteak beste, entzule gisa.

 

 Sariak eta irabazleak

Bratislavako Biurtekoan nazioarteko epaimahai batek honako sariak ematen ditu: GRAND PRIX bat (3.000 $), 5 URREZKO SAGAR (Bakoitza 1.500 $ eko balioarekin) eta 5 Plaka (bakoitza 1.000 $koa). Azken urteetan Euskal ordezkaritza zabala izan du Euskal ilustraziogintzak Biurteko entzutetsu honetan. Ordezkaritzaz gain, azken edizioetan sarituak ere izan dira euskal ilustratzaileak.

2021ean Odriozolak irabazitako Sari Nagusiaz gain, 2015ean bertan, Elena Odriozolak Urrezko Sagarra irabazi zuen Frankenstein (Nórdica) lanarekin. Odriozola Bratislavako Urrezko Sagarra jasotzen zuen bigarren euskal ilustratzailea izan zen Asun Balzolarekin batera, Balzolak 1985ean jaso zuen Bernardo Atxagak idatzi eta berak ilustratutako Txitoen istorioa liburuarekin. 2013an  Iraia Okinak  Plaka eskuratu zuen Ilargia esnatu da (Elkar) liburuarekin. 2011ko edizioan berriz, plaka horietako bat Iban Barrenetxeak jaso zuen, Bombástica Naturalis (A buen Buen Paso, 2012) liburuarengatik.

Urriaren 4an emango dituzte jakitera aurtengo Biurtekoaren irabazleen izenak. Arratsaldean egingo duten festan banatuko dizkiete egilee sari horiek, eta bertan izango dira Odriozola eta Gurrutxaga euskal ordezkariak.