Hemeroteka

2025-06-09

Eskola Txikiekin ospatu dugu Altxorraren 25. urteurrena

Gipuzkoako Eskola Txikien Festa egin berri dute Ezkio Itsason, eta Liburuen Altxorra proiektuaren 25. urteurrena han bertan ospatzeko aukera izan dugu. Liburuen Altxorra proiektua Gipuzkoako Eskola Txikietan ederki hornitutako liburutegiak egon daitezen bermatzeko sortu genuen, eta horretan ari gara duela 25 urtetik. Proiektuan bidelagun izan ditugun eskola horietako batzuk hazi egin dira eta haientzat irakasleei zuzendutako aholkularitza zerbitzu bat sortu genuen, bitartekaritza lanean laguntzeko betiere. Urte hauetan guztietan egindako bidea ospatzeko tokirik aproposena izan da Eskola Txikien Festa.

Liburu kutxak eraman eta Mari Garcia eta Oihana Etxegibel, kutxarekin batera eskolaz eskola doazen Galtzagorriko dinamizatzaileek saioak eskaini zituzten bertatik bertara. Harrera itzela izan zuten Garciak eta Etxegibelek festarako propio sortutako saioek; hain justu, kutxako liburuak kontatzeaz gain, urteetan kutxako izar bihurtu diren liburuak ere ekarri zituzten eta haurrek zein helduek adi-adi entzun zieten. Gipuzkoako Foru Aldundiak urte hauetan guztietan diruz lagundutako proiektua izan da, eta Eider Mendoza Gipuzkoako Diputatu Nagusia eta Garbiņe Mendizabal Hizkuntza Berdintasunerako Diputatua urteurrenaren bueltan antolatu genituen saioetan izan ziren.