Hemeroteka

2023-01-11

Ekion diogu "Haur eta gazte literatura eskolan" ikastaroaren IV. edizioari

Gasteizeko EHUko Hezkuntza eta Kirol fakultatean ekion diogu "Haur eta gazte literatura eskolan" ikastaroari. Laugarren edizioa da eta tokiz aldatu dugu, Arabako hiriburura etorri gara. Bost bloke, saioak astez aste maiatzera bitartean euskal adituen eta arituen eskutik. Hamabost ikasle ditugu: ikasleak, irakasleak eta ipuin kontalariak. Komunitate txiki bat osatu dugu haur eta gazte literaturaz jarduteko. 

Xabier Etxaniz Erle EHUko irakaslea entzuten ari gara albiste hau idatzi bitartean. «Noiz hasten da haur bat haurra izaten? Duela 300 urte», dio Xabierrek, aurretik ez zegoen haurrik, ez egun dugun haurraren ideiarik. Hain zuzen, Etxaniz Erlek egin zuen euskal haur literaturari buruzko lehenengo historia, sistematizatu egin zuen. Bitartekaritzaz, literatur kritikaz, egokitzapenez, kronologiaz... Haur literaturaren ikuspegi historikoarekin etorri da, euskal haur literaturarena ere bai. 

Hurrengo astean, Garazi Arrula Txalapartako editoreak literatur sistemaz, edizioaz eta itzulpegintzaz hitz egingo digu eta, lehenengo bloke beraren barruan, Juan Carlos Alonsok literaturak haurren eta gazteen garapen psikologikoan duen garrantziaz arituko da urtarrilaren 25ean. (Blokearen titulua da: Haur eta gazte literatura: definizioa, historia eta egungo egoera).