Hemeroteka

2022-06-28

Eider Perezek eta Iban Illarramendik irabazi dute Etxepare Saria

Kiratsa album ilustratuarekin irabazi dute Eider Perez Adeletxek eta Iban Illarramendi Echabek Etxepare Sariaren aurtengo ekitaldia. Biek Galtzagorri Elkarteak, Iruñeako Udalarekin elkarlanean eta Etxepare Sariaren laguntzarekin urtero antolatzen duen BIKO-TEKA tailerraren aurtengo ekitaldian parte hartu zuten, album ilustratuen sariketa hauetako azken urteetako irabazle gehienek bezala. Irabazleek gaur jaso dute saria. 

 

Kiratsa album ilustratuak Ñimi arkakusoaren abenturak ditu ardatz eta usain onei eta txarrei buruzko gogoeta plazaratzen digu: zer den usain, zer lurrin, zer kirats… Kukusoa Pantxi txakur dotorearengana iritsi da eta biak, triska, zapart eta jauzi, usain bila abiatuko dira.

Epaimahaia osatu duten Miren Asiainek (ilustratzailea), Idoia Sobrinok (liburuzaina) eta Patxi Zubizarretak (idazlea) album sarituaren testua album baterako ezin egokiagoa dela azpimarratu dute: “Laburra, errimaduna, aberatsa eta onomatopeietan oinarritua. Ezin aproposagoa errezitatzeko eta dibertitzeko. Ilustrazioak dotoreak dira, sofistikatuak —hainbat oihartzun eskaintzen dute, hala nola René Magritteren zeruenak— eta, batez ere oso narratiboak eta musikaltasunez beteak”. Bestalde, testuaren eta ilustrazioen arteko uztarketa goi mailakoa dela nabarmendu dute eta gaineratu idazle-ilustratzaileek “album ilustratu jostagarria eta harmonikoa lortu dutela, irakurleentzako benetako oparia, behin eta berriro irakurtzeko eta usaintzeko gogoa emanen duena”.

 

Irabazleek 5.000 euroko saria jasoko dute egile-eskubideen aurrerapen bezala eta Pamiela argitaletxeak plazaratuko du albuma 2022ko udazkenean, euskaraz.  

 

35 lan aurkeztu dira aurtengoan Nafarroako 22 toki entitatek, haien euskara zerbitzuaren bidez, antolatzen duten lehiaketara; Pamiela argitaletxea eta Galtzagorri Elkarteak lagundutakoa da, eta Nafarroako Gobernuak, Euskarabideak babestutakoa. 2004an sortu zen Etxepare Saria eta aurtengoarekin dagoeneko 16 izango dira album ilustratu sarituak.

 

Etxepare saria Euskarazko album ilustratuak sortu eta argitaratzeko xedez jaio zen. Urte luzez, sortzaileen hauspoa izan da. Haiei esker, istorio eta irudi zoragarriak loratu dira. Antolatzaileek diotenez, literatura lehiaketen alorrean erreferentzia izanen zen saria sortzeko xedearekin jaio bazen ere, Etxepare saria, hemendik aurrera —aurrekoaz gain, hertsiki lotuta dagoen beste lan bati helduko dio: kulturak duen funtzio linguistikoan sakontzeari.

 

Biko-Tekan sortutako hazia irabazle aurten ere

Illarramendik eta Perezek Galtzagorri elkarteak Iruñeako Udalarekin elkarlanean antolatzen duen BIKO-TEKA tailerraren seigarren ekitaldian parte hartu zuten 2022ko urtarrilean. Etxepare Sariko antolatzaileen ekimenez sortutako tailerra da, zeina haurrentzako euskarazko liburu grafiko edo album ilustratu berriak sortzeko akuilu izateko sortu zuten. Helburua tailerraren amaieran parte hartzen duten bikoteek album ilustratu baten proiektua abian jartzea da. Tailerra  helburu hori lortzen ari dela esan genezake. Izan ere, Etxepare Sariaren 2017, 2018, 2019 eta 2020ko edizioen garaileak BIKO-TEKAn jaiotako lanak izan ziren baita ere: 2017an, Ainara Azpiazuk eta Paula Estevezek egindako Arraroa albuma; 2018an, Dani Martirenak idatzitako eta Ana Ibañezek ilustratutako Cosimoren katiuskak; 2019an, Aintzane Usandizagak idatzitako eta Asier Iturraldek ilustratutako Etxe honetan; 2020an, Sandra Garayoak ilustratutako eta Itziar Otegik idatzitako Lorerik gorriena albumak jaso zuen saria. 2021ean, Amaia Egidazuk irabazi zuen Dorotea lanarekin.

 

Irabazleen biografiak

Eider Perez Adeletxek (1995, Pasaia Trintxerpe)hainbat testu argitaratu ditu Lekore aldizkarian, Txakur Gorria sormen kolektiboaren talde-lanetan eta zenbait literatur sariketen bildumetan. Hitzen uberan literatur webgunean, Oarsoaldeko hitzan eta Izotzetan islatuak: euskal idazle gazteen bilduma (Liberoamerika, 2020) antologian kolaboratu du besteak beste. 2021ean Alamedako dantzaldia liburua argitaratu zuen Eztena jaialdiko liburu-bilduman.

Iban Illarramendi Echabe (1973, Zarautz) ilustratzaile eta diseinatzaile grafikoa da. Argitaletxeen eta publizitatearen munduan egiten du lan batez ere. Euskarri ugaritarako egiten ditu ilustrazioak; kartelak, skate-oholak, erakusleihoak, diskoen azalak edo arropa. Gainera, ilustrazio esperimentaleko tailerrak ematen ditu  haurrentzat, eta hainbat erakusketa indibidual eta kolektibo egin ditu.  Zorionak bioi!