Hemeroteka

2025-12-03

Egun gutxi falta dira Biko-Tekan parte hartzeko!

Urtarrilaren 26tik 30era egingo dugu Iruñean –Kondestable jauregian–  dagoeneko hamar urte beteko dituen  BIKO-TEKA albumak sortzeko tailerra. Ostiral honetan, abenduak 5, amaituko da bertan parte hartzeko izen-emate epea. BIKO-TEKA liburu grafikoetarako ilustrazio eta narraziogintza tailerra da, non idazleak eta ilustratzaileak bikoteka lau eskutara lanean aritzen diren astebetez. Tailerrean zehar ikasgai teorikoak jasotzen dituzte, ariketa asko egiten dituzte eta bikote bakoitzak haurrentzako album baten proiektuan aurrera egiten du.

Galtzagorri elkarteak Iruñeko Udalarekin lankidetzan antolatzen duen lantegi honetatik dagoeneko 140 idazle eta ilustratzaile baino gehiago pasa dira.  Tailerrak Haurrendako Etxepare Saria irabazi duten sei album eman ditu, eta bertan jaiotako beste bost argitaratu dira, gutxienez, hainbat argitaletxetan.

Egia esan, Maite Mutuberriak kartelean erakusten duen gisan, BIKO-TEKA maitasun istorioek osatzen dute: elkar ezagutzen zuten (edo ez zuten) eta maitasun handiz album bat sortzeari ekin dioten bikoteen ibilbideek eta irakasle-bikoteek konplizitatez besarkatzen dituzten proiektuen joan-etorriek. Aurten, Aitziber Alonso eta Harkaitz Cano izango dira oraindik ezezagun zaizkigun 8 bikote sortzaileen bidelagunak. 

Parte hartzeko bete behar diren baldintzei eta aurkeztu behar den dokumentazioari buruzko xehetasun guztiak hemen dituzu.

Oraindik tentatu ez bazaitugu,  Biko-Tekako giroa ezagutzeko, hemen duzu iazko tailerrera bisita egin zuen Naiz Irratiko Oihana Azkuek grabatu zuen solasaldia.  

Animatu zaitez literatura binaka praktikatzera!