Hemeroteka

2026-10-27

Egin dezagun iraultza! Pippi-ren aretoa Oņatin lehendabizikoz

Oņatiko Haur Liburutegian muntatu dugu lehen aldiz Pippi Kaltzaluze obraren Egin dezagun iraultza! literatura aretoa. Bertan, hamar saio eskainiko ditugu, Gipuzkoako Aldundiko Kultura Sailari esker 2017tik Galtzagorri elkarteak urtero egiten duen “Jolas eginez irakurzaletu” izeneko literatura aretoen zirkuituaren baitan.

Pippi Kaltzaluze obra sortu zenetik 80 urte bete berri direla eta, fikziozko pertsonaia honi eta haren abentura entzutetsuei areto literario berria eskaini nahi izan dio Galtzagorri elkarteak. Astrid Lindgren-en liburuan irudikatzen den Pippiren unibertsora gerturatzeko sei txokoz osatuta dago aretoa. Txoko bakoitzean hainbat dinamika egingo dituzte 8-11 urte bitarteko haur taldeek. Haur talde bakoitzak, gainera, David Urbistondok euskarara ekarri eta Elkarrek 1994an lehen aldiz argitaratu zuen "Pippi Kaltzaluze" liburu bana jasoko du opari.

Haur Literaturako pertsonaia klasiko hau eta bere unibertsoa gerturatu nahi dizkie Galtzagorri elkarteak belaunaldi berriei. Izan ere Pippi Kaltzaluze Haur eta Gazte Literaturan agertu zen lehendabiziko neskato heroietako bat izan zen. Autoritatearen aurkakoa, aldarrikatzailea, ausarta eta zirikatzailea. Aretoaren sortze-prozesua 2025ean hasi zen eta bertan parte hartu dute Intza Alkainek, Mireia Delgadok eta Aitziber Alonsok.

Aretoak zer diren eta hauen sortze-prozesua nola burutzen dugun hobeto ulertzeko, hona hemen Arrosa sareko irratietan Pippi Kaltzaluze literatura aretoaren sortze prozesuari buruz egin genuen solasaldia.

Pippiri buruzko aretoa ez da Gipuzkoako aretoen zirkuituaren baitan eskaintzen ari garen bakarra. Hernaniko Haur Liburutegian Shhhhuuumendia, hitzik gabeko liburuen eztanda eskaintzen ari gara. Urtean zehar beste bi geldialdi izan ditu Zirkuituak: udaberrian Soraluzen eskaini genuen Hizki hazka abezearen aretoa eta Itsaspeko bihotzak Ordiziako Haur liburutegian. Gipuzkoako 1.000 haurrek baino gehiagok parte hartzen dute urtero Gipuzkoan zehar egiten dugun bira honetan.