Hemeroteka


Elkarbanatu
2026-10-19

Bosgarren Zuzeneko Gonagorria egin dugu

 

Gonagorriren V. Zuzenekoa egin dugu. Donostiako San Telmo Museoan elkartu genituen Aintzane Usandizaga, Izewuwa Ehimwonzee, Joseba Larratxe eta Irati Fernández solasaldian euren irakurle esperientziak partekatu zitzaten. Nerea Ariznabarretak ipuin kontaketa egin zigun, eta haren eskutik joan ginen itsaso azpira eta gaineko aldera, eta lamia bat ezagutu genuen. Ibarrako Uzturpe Ikastolako Maddi Labakak eta Oinatz Irastortzak gomendio bana egin digute. Publikoan, Ordiziko Oianguren BHIko ikasleak egon dira Uzturpeko ikasleekin batera.

Beste behin ere gozatua izan zen Zuzenekoa egitea. Gonagorriren plaza dela esan genuen, eta hala da; izan ere, publikoa gonbidatzen dugu eta haiek entzuten dute gure solasaldia, baita parte hartu ere beren liburu gomendioekin. Solasaldian 15 urteko bi gaztek (Ehimwonzee eta Fernández) eta sortzaile gisa ibilbidea egin duten bi helduk (Usandizaga eta Larratxe) parte hartu zuten. Irakurle, idazle eta marrazkigile gisa bildu dituzten esperientziei buruz aritu ziren, eta bat-batean ez zegoen adinik; antzeko zaletasunak dituzten lau pertsona ziren, beren bizipenei buruz hizketan. 

Gogoangarria izan zen, baita ere, Ibarrako Uzturpe Ikastolako Maddi Labakaren gomendioa (Euri eta ateri gomendatu zuen, Alaine Agirrerena), baita Oinatz Irastortzaren gomendioa entzutea ere (Utzi kontatzen Laurie Halse Andersonek idatzitakoa eta Ainhoa Mendiluzek itzulitakoa).

Orain, entzule, zure txanda da, entzun, entzun.