Hemeroteka

2026-05-26

Bizkaiko Liburu Gaztea egitasmoaren laugarren edizioko sari banaketa ekitaldi arrakastatsua Azkuna Zentroan

Gaur, maiatzaren 26an, goizeko 11:00etan, 2025-2026 ikasturteko Liburu Gaztea lehiaketaren Bizkaiko sari banaketa ekitaldia egin dugu Bilbon, Azkuna Zentroko Bastida aretoan.

Bertan izan dira aurtengo Liburu Gaztea lehiaketako Bizkaiko talde finalista eta irabazleak, aurtengo liburuaren trailerrik gustukoenak zeintzuk izan diren ezagutzen. Halaber, Ainhoa Etxebarria aurkezleak gidatutako sari banaketa ekitaldian izan dira Isaac Amezaga, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara Zuzendari Nagusia, eta Alex Gurrutxaga, Galtzagorri elkarteko zuzendaritza batzordeko kidea, lehiaketa antolatzen eta laguntzen duten bi erakundeen izenean. Horiez gain, Artxipelagoa komikiaren sortzaileak, Martin eta Xabier Etxeberria gidoilariak eta Sanvi ilustratzailea, ere ekitaldian izan dira.

Aurten ere epaimahai batek erabaki ditu irabazle nagusiak. Epaimahaiak honako adituek osatu dituzte: Igor Idoeta (Bizkaiko epaimahaikide), Eider Eibar (Bizkaiko epaimahaikide), Irati Zaldua (Gipuzkoako epaimahaikide) eta Maddi Orcajo (Gipuzkoako epaimahaikide). Publiko zabalak, berriz, boto bidez erabaki ditu bi kategoriatako irabazleak.

Guztira, hiru sari banatu dira:

• Epaimahaiaren sariak:

  • Ikastetxeen kategoria: DBH1-2 multzoko irabazleek eta DBH3-4 multzokoek abentura txangoa eta 250 euroko bonua irabazi dute liburu eta diskotan gastatzeko.

• Publikoaren saria: talde irabazleak escape room baterako pasea eta liburu eta diskotan gastatzeko 100 euroko bonua irabazi du.

Ekitaldia streaming bidez zuzenean jarraitzeko aukera izan dute talde finalisten gelakideek eta ziur gaude ekitaldian bertan zeudenen emozio eta tentsio berberaz ikusi dutela haien kideen sariketa.

Parte-hartze handia

Aurtengo lehiaketa arrakastatsua izan da parte-hartzeari dagokionez. Ikasturte honetan, guztira, 33 ikastetxek hartu dute parte lehiaketa bikoitz honetan. Bizkaiko Foru Aldundiari esker laugarren aldiz Bizkaian egin den lehiaketan Bizkaiko DBHko 16 ikastetxek eman dute izena; Gipuzkoako Foru Aldundiak babestuta hamairu urte bete dituen lehiaketan, berriz, Gipuzkoako 17k. Guztira, 3.000 ikasle inguru izan dira lehiaketan esku hartu dutenak.

Sari nagusiak

Ikastetxeen kategorianDBH1-2 multzoan, TXIMITXANGAK taldea izan da garaile, Artxipelagoa (Elkar, 2023) liburuaren booktrailerrarekin. Hortaz, Abadiño BHI ikastetxeko ikasle taldearentzat izan da sari nagusietako bat. Saria komikiaren egileen eskutik jaso dute .

Epaimahaiaren iritzia:“Artxipelagoa lanaren irudi berritzaileak dakarzkigu lan honek eta irakurketa maila ezberdinak aurkezten ditu. Ohikoa ez den ikuspuntutik kontatzen du, antzezpen berri eta pasarte erakargarriak erakutsiz. Irudien konposaketa bizia eta aberatsa. Antzezpena, irudi estatikoak eta testuen eta irudien arteko edizio fina. Antzezpena bera landua eta booktrailerrean sartzen laguntzen digu. Erritmoa dauka, jakinmina pizten du eta erakargarria da. ”

Kategoria honetan, baina DBH3-4 multzoan, ITSASARGIAK taldeak Beste gu (Igela, 2010) liburuari buruz egindako booktrailerra izan da onena epaimahaiaren iritziz. Larramendi Ikastolako ikasleek jaso dute saria, Isaac Amezaga, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara Zuzendari Nagusiaren eskutik.

Epaimahaiaren iritzia: “Oso lan ona. Zuzena, azkarra eta iradokitzailea. Bizia eta erakargarria, edizio lan borobil eta profesional kutsuarekin, tenperatura desberdineko irudiak abileziaz elkarlotuak eta soinuarekin bikain josiak. Testuak argi eta garbi azaltzen dira, jakinmina pizten dute eta irudiarekin ederto lotzen dira, ondo josia dena.”

Publikoaren Sariak

Publikoaren Sarien irabazleak zeintzuk diren ere ekitaldian eman da jakitera. Guztira, 1050 bozka bildu dira aurten. Ikastetxeen kategorian, Bizkaian, Astrabudua BHI ikastetxeko “Nahia, Gorka, Yaiza eta Stefany” taldeak irabazi du 51 bozkarekin, Artxipelagoa (Elkar, 2023) liburuaren booktrailerra eginez. Talde honek, Alex Gurrutxaga Galtzagorri elkarteko zuzendaritza batzordeko kidearen eskutik jaso du saria.

Gainontzeko finalistek liburu lote bana jaso dute, udan irakurketaz gozatzen jarraitzeko.

Giro aparta izan da gaur Azkuna Zentroko Bastida Aretoan. Mila esker guztioi bertan parte hartzeagatik eta zorionak irabazleei!

Ekitaldia osorik ikusi HEMEN