Mireia Delgado ipuin kontalari, pedagogo eta bitartekariak amaiera eman dio Haur eta gazte literatura: bitartekaritzaren estrategiak eta praktikak ikastaroaren zazpigarren edizioari. Bilbon, Euskadiko Artxibo Historikoaren egoitzan egin dugu. Hamalau saio izan dira; denak gogoangarriak, eta denen ardatza irakurketaren bitartekaritza izan da. Mireiak bitartekaritza egiten du, eta bitartekaritzaren gainean teorizatzen du; teoria eta praktika uztartzen ditu, beraz. Hori izan zen, hain justu, bere saioaren mamia. Galdera bidez harilkatu zuen; galderak ez zituen berak planteatu, ikasleei eskatu zizkien bitartekaritzari buruz, ikastaroaren amaieran, zituzten galderak egin zitzaten. Eta egin zituzten. Haietatik abiatuta, bitartekaritza obra eta irakurle potentzialaren artean dagoen zubia dela esan zuen, baina «ez da bakarrik zubia, ez baitago geldi; bitartekaritza mugimendua da». Irakurketa sustatu ala irakurketa baimendu, sostengatu? Bigarrenaren alde egin zuen. «Bitartekaritza egoteko modu bat da». Helburu txikien garrantzia azpimarratu zuen: «batzuetan gauzak sinpletzeko egin behar den lana erraldoia da». Amaieran, astebetez, egunero, poema bat boz goraz irakurtzeko gonbidapena egin zien. «Bitartekaria beti kokatu behar da mugimenduan, zintzotasunez eta benetakotasunez. Entzun egin behar dugu, isiltasuna ere entzun behar dugu, zeren batzuetan hitz egiten hasi eta ez baitugu aukerarik ematen».
Ikastaro aberatsa izan da, ikasle talde zoragarria bildu dugu, jakin-minez betetakoa eta lanean gogotsu aritu dena. Irakasleak ere primerakoak izan dira, eta teoria, lan prozesuak eta praktikak ezin hobeto bateratu dituzte.
Hurrengo ikasturtean, ondo bidean, zortzigarren edizioa antolatuko dugu, eta Donostian izango da.