Hemeroteka


Elkarbanatu
2026-11-09

Bitartekaritza ikastaroan izena emateko epea ireki dugu

Haur eta gazte literatura: bitartekaritzaren estrategiak eta praktikak ikastaroan izen-ematea zabaldu dugu, eta interesa dutenek azaroaren 20ra arte izena emateko aukera izango dute. 2027ko ikastaroa Donostiako Medialab Tabakaleran egingo dugu. Saioak urtarrilaren 13an hasi eta maiatzaren 12ra arte asteazkenero izango dira, 17:00etatik 20:00etara. Haurrekin eta gazteekin irakurketaren bitartekaritzan ari diren profesionalei zuzenduta dago —irakasle, bibliotekari, ikasle, editore, guraso, kultur programatzaile, ipuin kontalari eta gaian interesa duen edonor—. Xedea bitartekaritzarekin lotutako erremintak ematea da.

 

2027ko ekitaldirako programa oparoa prestatu dugu, non puntako adituek eta arituek parte hartuko duten. Ohiko egiturari eutsi, eta, hasteko, bitartekaritzaren inguruan arituko dira kanpotik etorriko diren hainbat aditu. Freddy Gonçalvesek bitartekaritzari buruzko aurkezpena egin eta gazteekin landu daitezkeen estrategiak eta praktikak aletuko ditu; hori da, hain zuzen, bere espezialitatea. Anna Juan Cantavellak bitartekaritzari buruz ari garenean zertaz ari garen azaldu eta Gonçalvesen diskurtsoa osatuko du; bereziki erreparatuko dio haur txiki-txikiekin egin daitekeen irakurketaren bitartekaritzari. Piu Martínezek irudien irakurketaren bidetik eramango gaitu; nola egin irudiaren bitartekaritza? Lucas Ramadak kultura digitala, bitartekaritza eta haurtzaroa hartuko ditu hizpide.

 

Bigarren blokean bitartekaritzaren espazioak landuko ditugu. Igor Idoetak herri bibliotekaren ikuspegia ekarriko digu, Markina-Xemeineko esperientzia azalduz. Maria Pousak Galiziako eskola liburutegien sarearen nondik norakoa aletuko du. Idoia Alustizak eta David Bilbaok eskolatik mintzatuko dira, nolako bitartekaritza esperientziak egin daitezke gazteekin eskolaren eremuan?

 

Hirugarren blokean sortzaileak hartuko ditugu; izan ere, bitartekaritzaren zutabea da irakurgaiak aukeratzea. Hala, sortzaileek euren sormen prozesuei buruz hitz egingo digute, eta, literatura generoak, lan prozesuak, praktikak eta estrategiak ezagutuko ditugu. Bloke honetan honako sortzaileek parte hartuko dute: Yolanda Arrieta, Dorleta Kortazar, Intza Alkain, Karla Fernández de Gamboa, Maite Gurrutxaga, Iñigo Astiz, Garazi Basterretxea, Celeste Agüero, Maite Caballero, Paula Estévez, Eider Rodríguez eta Eider Pérez.

 

Ikastaroari itxiera emango dio Mireia Delgadok saioz saio jasotzen joan garena josiz, batuz eta berrituz.

 

Izena emateko bete beharreko formularioa, hemen.

 

Animatu eta izena eman, 30 lagunentzat tokia dago.

 

DEIALDIA 2027