Hemeroteka

2026-06-11

Bitartekaritza: aukeraketa eta heziketa literarioa

Anna Juan Cantavella irakurketa bitartekaritzan adituak egin zuen atzoko saioa Haur eta gazte literatura: bitartekaritzaren estrategiak eta praktikak ikastaroan. Saio gogoangarria izan zen, non Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko irakasleak eta bitartekariak arreta berezia jarri zuen 0-5 urte bitarteko haurrengan. Bitartekaritzaren oinarria aukeraketa da, baina liburu ona ez da nahikoa; ezinbestekoa da irakurketa heztea, hots, heziketa literarioa; izan ere, liburua erabat kodetuta dagoen kultur objektua da. 

0-3 urte bitarteko haurrek ez dute hizkuntza artikulatzen, baina pentsamendua artikulatzen dute. Haur txikiek begiratu egiten dute, eta begiratzea «errealitatea eraikitzeko ekintza basatia da», esan zuen Anna Juanek. Begiratzea, eskuetan ibiltzea eta manipulatzea irakurtzea da. Ezinbestekotzat jo zuen haurrei bueltan ezer eskatu gabe kontatzea; hala, helduok eskaintzen diegun ahots horren bitartez eraikiko dute eurena. Ahozkotasunak denboraren lerroa eraikitzen lagunduko die, baita fikzioaren eta errealitatearen arteko ezberdintasuna ere. 

Haurren eta gazteen bitartekaritzaren hainbat gako eman zituen, eta bitartekarien trebakuntzaren beharra nabarmendu zuen. Saio gogoangarria izan zen.