Hemeroteka

2022-01-24

Biko-Tekan ari dira

Zortzi bikote, ilustrazio eta idazle, bildu ditugu sormen-tailerrean. Gidariak Maite Mutuberria ilustratzailea eta Iñigo Astiz idazlea dira. Biko-Teka album ilustratuen lan-prozesuen gaineko tailerra da. Istoriogintza landuko dute gaurtik hasita eta ostiralera arte goizez eta arratsaldez.

Maite Mutuberriak azpimarratu du aurkezpenean ilustratzaileena bakarkako lana dela eta «Biko-Teka aukera polita da jendearekin egon, eta kobazulotik ateratzeko». Iñigo Astizek, bere aldetik, tailerrean istorio bat nola kontatu landuko dutela esan die parte-hartzaileek, «teoria pixka bat landuko dugu, baina gure jakintza oso praktikoa da eta adibideekin arituko gara».

Biko-Tekan lanerako espazio bat sortuko dute bikote bakoitzak bere proiektua sortu, garatu eta taldekideekin zein gidariekin partekatzeko probestu dezan. Ilustratzaileak eta idazleak elkarrekin lanean, bikoteak beste bikote batzuen ondoan lanean eta denek Mutuberriaren eta Astizen bidelaguntza jasoko dute.

Ostiralean bikote bakoitzak bere proiektua aurkeztuko eta defendatuko du taldekideen aurrean. Etzi, asteazkena, Biko-Tekan ohikoa den bezala, bisita jasoko dute tailerrean. Hain zuzen, Antxiñe Mendizabal (Elkar) eta Inazio Mujika Iraola (Erein) editoreak iritsiko dira Kondestableko ikasgelara (Iruñea), eta gutxi-asko argitaletxeen eta edizioaren nondik norakoa kontatuko diete.

Biko-Tekak Iruñeko Udalaren laguntza jasotzen du, eta Etxepare Saria antolatzen duten Nafarroako zenbait udaletako euskara zerbitzuren babesa ere badu.

Parte-hartzaile eta gidari, gozatu Biko-Teka!!!