Dagoeneko amaitu da 2025eko BIKO-TEKA. Iñigo Astiz idazleak eta Maite Mutuberria ilustratzaileak gidatu dute Galtzagorri elkarteak Iruñeko Udalaren laguntzaz 9. urtez antolaturiko tailerra.
Zortzi bikotek hartu dute parte eta, esperientzia, dinamika eta ariketa ezberdinen bitartez, haurrentzako albumen proiektuak sortu dituzte. Azken egunean bikote bakoitzak bere proiektua aurkeztu die besteei: landare haragijaleak, kuleroak janzten dituzten lehoiak, aldapan gora eta behera doan ilusioz betetako kotxearen ibilbidea, burusoilen katalogoa, barraskiloak, kaioak... lan anitz bezain oparoen haziak erein dituztela esan dezakegu. Eta sortzaileen arteko sare ederra ere ehundu dute, ziur bidean berriz ere topo eginen dutela!
Aurten, Naiz Irratiko lagunen bisita izan dugu, Iruñeko Ziudadelako Armen Aretora bertaratu dira BIKO-TEKA barru-barrutik ezagutzeko helburuarekin.
Ordu erdiko erreportaitxoa entzun dezakezu HEMEN klik eginez! Mahaiaren bueltan batu dituzte Izaskun Jauregi eta Maitane Gartziandia bikotea eta edizio honetako bi irakasleak.