Hemeroteka


Elkarbanatu
2025-10-27

"Behinola" aurkeztu dugu Irudikan

Euskal Irudigileen elkarteak antolatutako Irudika ilustrazioaren nazioarteko topaketetan parte hartu dugu lehenengo aldiz. Topaketak Gastezien, Artium Museoan, izan dira. Behinola gure haur eta gazte literatura aldizkaria aurkeztu genuen nazioarteko beste ilustrazio zein haur eta gazteei eskainitako beste zenbait publikaziorekin batera. Estatu Batuetako Illustroria aldizkaria, Txekiako Raketa (online), Frantziako Kiblind Magazine eta Behinola elkartu zituzten mahai berberaren bueltan, eta oso aberasgarria izan zen gure antza eta gure oso ezberdinak diren publikazioen arduradunekin izan genuen elkarrizketa. Ideiak hartu genituen, hizkuntzak trukatu eta guk euskara eman genien. Gure zeruertza zabaldu genuen eta, bide batez, gure lanari balioa eman genion. 

Behinolaren berri emateaz gain, Irudikako egitarauan murgildu ginen eta argazkigintzaz, ilustrazioaz, argazki album oso bereziez, fanzinegintzaz, nazioarteko argitaletxe txiki liluragarriez, palestinar mugimendu queerraz eta abarrez entzun genuen. Benetan izan zen esperientzia aberasgarria eta poza handia eman zigun topaketetan euskarari lekua egiteko aukera izatea.

Eskerrik asko antolatzaileei Behinolaren berri emateko paradagatik eta puntako sortzaileei eta liburugileei entzuteko aukeragatik.