Behinola euskarazko haur eta gazte literatura aldizkaria sortu genuela 25 urte bete dira; 25 urte eta 50 zenbaki. Urteurrena ospatzeko festa bat egingo dugu otsailaren 8an, larunbatean, Donostiako San Telmo museoan 12:00etan hasita. Festan photocalla, hitzartzeak, musika, kandelak, tarta eta mokadutxoa egongo dira. Sorpresaren bat ere bai.
1998.urtean, Galtzagorriren barruan egindako hausnarketaren ondorioz jaio zen Behinola haur eta gazte literaturaturako (HGL) euskarazko aldizkari bakarra. Aldizkaria sortu zutenek, HGLren inguruko euskarazko hausnarketa teorikoa egingo zuen aldizkari baten gabezia sumatu eta abian jarri zuten, pentsatuz esparru horretan lanean ari ziren profesionalentzat tresna egokia izan zitekeela. Manu Lopez Gaseni EHUko Gasteizko Irakasle Eskolako irakasle eta idazle eta itzultzaileak bere gain hartu zuen Behinolaren zuzendaritza.
1999ko azaroan Behinolaren lehenengo zenbakia plazaratu eta, orduz geroztik, Behinola aldizkaria urtean bitan argitaratzen dugu. 25 urteko bidean, Lopez Gaseniren lekukoa zuzendaritzan Ruben Ruizek hartu zuen, hari Lore Agirrezabalek eta Leire Canok eta gaur egun Miriam Luki da aldizkariaren zuzendaria. Behinolan hausnarketa- eta jakintza-lerroak zabaltzeko helburua duten elkarrizketak eta erreportajeak egiten ditugu, adituen zein adituen arteko elkarrizketak sortzen ditugu, ilustratzaileen eta idazleen artekoak, eta bide batez gure sortzaileen lanak erakusten ditugu, eta, urtez urte euskaraz argitaratzen den euskarazko HGL guztia irakurtzen duen Galtzagorriko Irakurketa Mintegian egindako galbaheari esker, kalitatezko obren iruzkinak ekartzen ditugu.
Aldizkariaren publikoa haur eta gazte literaturaren bitartekariak dira, hau da, irakasleak, bibliotekariak, gurasoak, adituak, arituak, sortzaileak, gurasoak eta haurrak zein gazteak inguruan dituzten pertsonak.
Behinolak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko EIMAk ematen duen Ikasmaterial gisa aitortzen duen zigilua jasotzen du eta tirada 800 alekoa da.