Hemeroteka


Elkarbanatu
2025-10-28

Beasaindik igaro da liburuen haria

“Nork zabaldu zuen gazteek irakurtzen ez dutenaren ideia?”

Horixe urriaren 27an Beasaingo Udal Bibliotekan gazteekin egindako bi saioen ondoren burura etorri zitzaigun lehenengo galdera.

Telesailak jatorrizko bertsioan ikustea atsegin duen eta etengabe azpitituluak irakurtzen dituen gazte batekin egin genuen topo. Poesiaz beteriko abestiak entzutea gustuko duen eta hori poesia zenik ez zekien batekin. Idatzita daudenak baino, ilustrazioen atzean dauden istorioak irakurtzea nahiago duela deskubritu duen batekin. Irakurketan aparteko interesik ez eta bat batean Bihotza alderantziz zuen barraskiloaren (2023) istorioa entzutean, gehiago jakiteko gogoa piztu zaion batekin egin genuen topo.

Beasaingo La Salle ikastetxeko DBH 4ko ikasleek aurkeztu genizkien liburuen inguruko galderak partekatu zizkiguten baita horiekin hainbat bide zabaldu ere: “zergatik erabaki zuen autoreak istorioa behi baten ahotsetik kontatzea?” (MO. Behi euskaldun baten memoriak, 2024), “zergatik erabili ditu kolore ilunak bakarrik?” (Chasseurs de dents, 2018), “zer sentitu zuten istorio hau sortu bitartean?”(Elur gorrituaren egunak, 2023)…

Galdera fiosofikoekin ere aritu ginen bueltaka: “zenbat irauten du usain batek?” (Puf, 2024), “egun batez beste norbaiten burmuina jarri ahal izatekotan, norena jarriko zenuke?” (Ni, pertsona, 2020).

Zenbat irakurtzeko modu, zenbat begirada, zenbat hitz eta zenbat isilune. Eta zeinen ongi sentitzen garen sentitzen, pentsatzen, esaten eta isiltzen dugun hori epairik gabe entzuten den espazioa topatzen dugunean.