Hemeroteka

2025-09-18

Badator Ikusi Mikusi festibala

Ikusi Mikusi euskarazko haur eta gazte literatura festibalaren atarian gaude, urriaren 10ean eta 11n egingo dugu Saran, Lapurdin, eta honezkero programazio osoa zehaztu dugu. Eskolen Egunean Euskal Herriko 1.200 ikasle bilduko ditugu eta bakoitzari 15 euroko bonu bat emango diogu liburu bat aukeratu eta harengatik truka dezan festibalaren liburu-azoka gunean. Profesionalen Egunak eta Eskolen Egunak bat egingo dute hilaren 10ean, ostiralarekin, eta Familien Eguna izango da hilaren 11n, larunbatarekin. Guztira, 65 kultur proposamen eskainiko ditugu: tailerrak, ikuskizunak, kontaketak eta abar adin guztietako haurrentzat eta gazteentzat, baita familientzat ere. 

Txalaparta, kamishibai, dantza eta txikientzako manipulazio tailerrak besteren artean, zirkua eta antzerki proposamen anitzak, ipuin kontaketa eskaintza oparoa eta haur eta gazte liburuaren bueltan lanean ari diren profesionalak elkartzeko espazioak sortuko ditugu. Azoka ere egongo da non euskal argitaletxe guztiak klasikoak eta nobedadeak eskainiko dituzten.