Hemeroteka


Elkarbanatu
2024-04-10

Aurtengo MARRAZIOAK tailerrean izena emateko epea ireki dugu

Mozorroen egia. Eman maskara bat eta egia esango dizuet (O. Wilde) goiburupean egingo dute Harkaitz Cano idazleak eta Ignasi Blanch ilustratzaileak aurtengo ilustratzaileei zuzendutako MARRAZIOAK tailerra. Ekainaren 24tik 28ra bitartean izango da, Donostiako Igeldoko Undermount elkartean. Izena emateko azken eguna maiatzaren 17a da. Hamabi ilustratzaileri emango zaie parte hartzeko aukera. 35 orduko tailerra doan egin ahalko dute.

Izen-ematea egiteko ilustratzaile bakoitzak bere dosierra edo bere 10 irudiz osatutako lagina aurkeztu beharko du, bere estiloa, estetika eta ildoak irudikatzen dituztenak. Horrez gain, ohiko dokumentuak atxiki beharko dituzte –CV, NANaren kopia bat, posta elektronikoa eta telefono zenbaki bat–. Dokumentazioa wetransfer bidez bidali beharko du honako helbidera: administrazioa@ibbygaltzagorri.eus. Maiatzaren 27ko astean jakinaraziko zaie aukeratuei.

Aurtengo MARRAZIOAK tailerrean mozorroen bidez pertsonaiak sortu eta sortutako pertsonaia horiek aldez edo moldez gurekin duten zerikusiaz hausnartzea da asmoa. Helburua ariketa praktikoen bidez norberaren pertsonaia katalogoa handitu eta anitzagoa bihurtzea izango da.

Ordutegi jarraitua izango du tailerrak, 10:00etatik 18:00etara, astelehenean hasi eta ostiraleraino –bazkaltzeko ordubeteko tartea hartuko dute–. MARRAZIOAK tailerraren XVI. ekitaldia izango da aurtengoa. Ilustratzaileei zuzendutako egitasmoa da eta Galtzagorri elkarteak Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin antolatzen du.

Tailer eta deialdiari buruxko xehetasun guztiak hemen.