Hemeroteka


Elkarbanatu
2023-01-12

Aukeratu ditugu BIKO-TEKAN parte hartuko duten sortzaileak

Aurtengo BIKO-TEKA tailerra urtarrilaren 23tik 27ra egingo dugu Iruñeako Kondestablearen jauregian. Liburu grafikoetarako ilustrazio eta narraziogintza tailerra Aitziber Alonso ilustratzaileak eta Harkaitz Cano idazleak gidatuko dute eta zortzi bikotek parte hartuko dute.

Ikastaroa goizez eta arratsaldez egingo dute –ostiralean goizez bakarrik– eta 37 ordukoa izango da guztira. Parte-hartzaileek liburu ilustratu bat nola pentsatu, idatzi, sekuentziatu, marraztu eta argitaratu daitekeen landuko dute. Aukeratutako zortzi bikoteek doan egingo dute tailerra Iruñeako Udalak emandako laguntzari esker, haurrentzako album ilustratuak sortzeko Etxepare sarien babesa duen ikastaroa da. 

BIKO-TEKAn arituko diren sortzaileek izena banaka edo bikoteka eman dute. Banaka eman dutenak bikotu dituzte gidariek, tailerraren xedea idazle bat eta ilustratzaile bat elkarrekin lanean jartzea baita album bat sortu dezaten.

Urtarrilaren 25ean, Garazi Arrula Txalapartako editorearen eta Asun Agiriano Arrasateko Udal Liburutegiko arduradunaren bisita izango dute eta haien ahotik edizioaren mundua eta albumena, besteak beste, ezagutzeko aukera izango dute. 

Gidarien eskariz, parte-hartzaileek objektu pertsonal bat eraman beharko dute, baita kuttuna duten albuma bat ere. 

Hona aukeratu ditugun sortzaileen zerrenda:

1. ANDREA CESPEDES – ASIER URBIETA

2. ANDREA GOURAUND – ESTITXU FERNANDEZ

3. IZARO LIZARRAGA – IRAITZ LIZARRAGA

4. JONE TABERNA – MIGUEL ASIAIN

5. JOSEBA BERAMENDI – GOIZEDER ITURAIN

6. MAITE CABALLERO – IZASKUN IGOA

7. OIHANA EGAÑA – SHEILA SALAMANKA

8. UNAI GONZALEZ – OIHANE AMANTEGI