Hemeroteka

2026-06-22

Asun Balzola gogoan

Hogei urte betetzen dira gaur Asun Balzola Elorza (1942-2006) ilustratzailea eta idazlea zendu zela, eta Mariasun Landa idazleak –haren lagunak— artikulu gogoangarria argitaratu du asteburuan Berria egunkarian. Hona "Asun Balzola gogoan" goiburupean Landak idatzitakoaren zenbait aipu, osorik irakurtzeko gogoaren pizgarri izan daitezen: 

Espainiako zein Euskadiko sari garrantzitsu ugari jaso zituen bere ibilbidean. Badira denborak betetzen ez dituen hutsuneak; beste modu bateko presentzia bihurtzen dira. Hori gertatzen da Asunekin ere: hogei urte igaro diren arren, bere begiradaren indarra, izaera eta zaurgarritasuna sormen bihurtzeko zuen gaitasuna bizirik daude gure oroimenean

Ilustratzaile gisa egin zuen lana berritzailea eta pertsonala izan zen. Bere akuarelek —iradokitzaileak, irekiak eta finak— deskribapen hutsetik ihes egiten zuten, giroak sortu eta irakurlearekiko elkarrizketa isil bat sorraraziz.

Idazle gisa, ilustratu nahi zituen testuak sortzeko beharrak eraman zuen idaztera. Album ilustratuaren alorrean aitzindaria izan zen Espainian, eta testuaren eta irudiaren arteko elkarrizketa eraberritu zuen.