Hemeroteka


Elkarbanatu
2026-09-29

Astebete luzatu dugu Ikusi Mikusi PRO Egunerako izen-emate epea

IKUSI MIKUSI Haur eta Gazte Literatura Festibalaren barruan, urriaren 9a, Profesionalen Eguna izango da. Eskolen Eguna ere bada.

Egun horretan mugaz bi aldeetako bitartekariak euskarazko haur eta gazte literaturari eskainitako Festibal bakarrera hurbildu ohi dira. Bibliotekari, irakasle, sortzaile eta irakurketaren eta literatuaren inguruan lan egiten duten bestelako profesionalentzat topagunea da Ikusi-Mikusi. Prestakuntza- eta ideia-iturri ere bai. Izan ere, egitarau oparoa eskaintzen zaie urtero.

Aurten umorea izango da Profesionalen Eguneko ardatza. Hain zuzen ere, irriak eta umoreak haur eta gazte literaturan duten lekua jorratuko dugu Profesionalentzako prestatutako egitarauan.

Eguna goizeko 9:15etan Ikas euskal pedagogia zerbitzuko Elise Diletek egingo duen Haur eta Gazte Literaturako nobedadeen aurkezpenarekin hasiko da; ondoren, Asun Agiriano Arrasateko Bibliotekako zuzendariak eta Galtzagorriko kideak umorea lantzen duten liburu-hautaketa bat aurkeztuko du “Barre eta orri artean, irakurtzen ez aspertzeko artea” izeneko saioan. Profesionalentzako prestakuntza saioei amaiera emateko, 11:15etan Juan Kruz Igerabide idazle eta Galtzagorriko lehendakariak haurrekin umorea lantzeko estrategiei buruzko saio praktikoa egingo du, “Umore motak” goiburupean.

Formatu anitzetako prestakuntza saio horiek amaitzean, iaz bezala, profesionalek aukera izango dute, doan, Festibalean eskainiko diren ikuskizun eta tailerrez gozatzeko. Bi ordutegi hauetan izango dute horietan parte hartzeko aukera:

.12:30etan joan daitezke lehendabizikora (edo, aukeran, Plekara bazkaltzera joatea aukeratu dezakete).

.14:00etan bigarrenera.

Interesa duten bitartekariek zein tailer edo ikuskizunera joan nahi duten (edo elkarrekin bazkaltzera joango diren) aukeratu eta formulario hau bete behar dute eta horretarako epea zabaldu dugu urriaren 2ra arte. Aukeraketa egiten laguntzeko, informazio osoa IKUSI MIKUSI Festibalaren atarian aurkitu daiteke. Bestalde, egun honetara hurbiltzen diren bitartekariek aukera izango dute azokatik itzulia egin eta bertan izango diren 18 argitaletxeren standetan azken nobedadeak ikusteko.

Animatu eta eman izena!