Hemeroteka


Elkarbanatu
2023-09-12

Arkaitz Barriolaren lanak Ilustratzaileen Txokoan lanean

Ivan Mata ilustratzaileari lekukoa hartuko dio Arkaitz Barriolak Aieteko Kultur Etxeko Ilustratzaileen Txokoan. Barriolaren lanak ikusgai egongo dira bertan abenduaren 10era arte ohiko ordutegian.

Arkaitz Barriola Donostian jaio zen 1975ean eta Leioan egin zituen ikasketak. Lehenik Kazetaritza ikasi zen eta, ondoren, 2010ean, Arte Ederren ikasketak amaitu zituen. Bere ibilbide profesionala diseinatzaile grafiko gisa hasi zuen ETBko sormen-departamentuan. Bertan eman zituen lau urteez gain, 2000 eta 2005 bitartean Donostiako Zinemaldiko Aldizkari Ofizialaren maketatzaile aritu zen, besteak beste.

2002an BIT&MINA diseinu-estudioa sortu zuen bi lagunekin batera. Bertan, sormen-zuzendari izateaz gain, ilustrazio- eta komunikazio-lanetan aritu zen. 2020an BIT&MINA itxi eta bere kabuz jarri zen, BATUTA ezizenarekin. Orduz geroztik, diseinu- eta sormen-lanetan aritzen da, zuzendaritza artistikoan, ekitaldien koordinazioan eta ilustrazioko hainbat proiektutan.

Beti izan du gustuko ilustrazioaren eta narrazioaren mundua. Ilustratzaile gisa, hainbat proiektutan hartu du parte. Donostia 2016 proiektuaren aurkezpenerako ilustrazioak, Donostiako Liburutegi Zerbitzuak argitaratu eta Aritz Gorrotxategik idatzitako Gabriel Celaya 1911-1991 liburuaren ilustrazioak, HABEren egutegiak, Idazleen Elkarterako Su haietatik hitz hauek liburuxka, Edebé argitaletxearen ariketa-koadernoak, edota ETBko gabon-postalak (ilustrazio eta animazioak) izan dira egin dituen lanetako batzuk.

Gaur egun, gazteentzako unitate didaktikoetarako ilustrazioak eta hainbat herritako eraikin eta gune esanguratsuak marrazten ari da nagusiki, udalentzat eta bestelako erakunde publikoentzat: Oiartzun, Errenteria, Orio... Haur eta gazte iteraturaren munduan ere aritu da. Alde batetik, Uxue Alberdi eta Maite Gurrutxagaren Besarkada (Elkar, 2015) albumaren promozio-animazioa egin zuen. Bestalde, 2018an Galtzagorri Euskal Haur eta Gazte Literatura elkarteak antolaturiko Biko-Teka lantegian hartu zuen parte; bertan, Isabel Etxeberria idazlearekin batera aritu zen lanean.

Ez galdu bere lana Aieteko Kultur Etxean ikusteko aukera!