Arantxa Iturbe idazle eta irrati esatariak jasoko du aurtengo Kutxa Ibilbide Saria. Sariak Iturbek euskal kulturaren eta literaturaren alorrean egindako ekarpen esanguratsua aitortzen du, eta aurten, bereziki, sormenaren, komunikazioaren eta euskararen alde hainbat hamarkadatan egindako lana nabarmendu nahi izan da. Kutxa Fundazioak sustatu eta euskal liburugintzaren sektoreko lau elkarteen lankidetzarekin (Euskal Editoreen Elkarteak (EEE), Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak (EIZIE), Euskal Idazleen Elkarteak (EIE) eta Haur eta Gazte Literaturako Galtzagorri elkarteak) 2022tik ematen den sari honek aurten, lehenengo aldiz, 5.000 euroko dotazio ekonomikoa izango du.
Sariaren helburua euskal kulturari eta literaturari ekarpen iraunkorra egin dioten pertsonen jarduna aitortzea da. Aurreko urteetan saria jaso dute Arantza Urretabizkaiak (2022), Jose Angel Irigaraik (2023), Asun Agirianok (2024) eta Anjel Lertxundik (2025).
Aurtengo sari-banaketa ekitaldia Literaktum 2026 Literatura Jaialdiren programazioaren baitan txertatuko da eta azaroaren 19an arratsaldeko 19:00etan egingo da, Donostiako Kutxa Fundazioa Kluba aretoan. Ekitaldi berean aurkeztuko dira Kutxa Fundazioa Literatura Sarien 58. edizioko euskarazko bi lan irabazleak.
Idazle izateko asmoz egin zituen Arantxa Iturbek Kazetaritza ikasketak. Laster aurkitu zuen irratian ahots bidezko kontakizunerako espazioa. Euskadi Irratian dihardu 1985etik, eta lau hamarkadatan zehar irratiaren esparruan askotariko lanak egin ditu. 2000. urtean Rikardo Arregi Saria jaso zuen aitortza gisa. Idazle izateko erronka ere gauzatu zuen, izan ere, Iturbek literatura alorrean aztarna sakona utzi du. 1992an argitaratu zuen bere lehen ipuin bilduma, "Ezer baino lehen" (Elkar), gero etorri ziren "Lehenago zen berandu" (Alberdania), "Ai ama!" (Alberdania) eta "Kontu-jaten" (Alberdania). Haur eta Gazte Literaturaren esparruan ere lan ugari plazaratu ditu, besteak beste, "Amona basoan galdu zenekoa" (Elkar) edo "Norak suhiltzaile izan nahi du" (Elkar). Antzerkian Agurtzane Intxaurragarekin lankidetzan aritu izan da eta bi aldiz eskuratu du Max Saria, euskarazko antzerkigintzan egindako ekarpenengatik.