|
|
Shereen Kreidieh presidenteak gidatutako epaimahaiak jakitera eman berri ditu 2026ko Andersen Saria irabazteko finalista diren sei idazleen eta sei ilustratzaileen izenak. Hauexek dira hautagaiak:
Idazleak: Irango Ahmad Akbarpour, Txileko María José Ferrada, Frantziako Timothée de Fombelle, Korear Errepublikako Lee Geum-yi, AEBetako Pam Muñoz Ryan, Erresuma Batuko Michael Rosen.
Ilustratzaileak: Italiako Beatrice Alemagna, Finlandiako Linda Bondestam, Txinako Cai Gao, Letoniako Gundega Muzikante, Egiptoko Walid Taher, eta Argentinako María Wernicke.
Bi irabazleak Boloniako Haur Liburuaren Nazioarteko Azokan jakinaraziko dituzte apirilaren 13an IBBYk emango duen prentsaurrekoan. Sariak eta diplomak Ottawan, Kanadan, 2026ko abuztuan egingo den IBBYren 40. Nazioarteko Biltzarrean banatuko zaizkie.
Andersen Saria Haur Literaturan ematen den saririk esanguratsuena da eta 1956tik bi urtez behin idazle eta ilustratzaile banaren ibilbideari aitortza egiten dio. Sari hau irabazi dutenen artean daude, besteak beste, Astrid Lindgren, Suzy Lee, Květa Pacovská eta Maurice Sendak.
Guztira 78 hautagai aurkeztu dituzte IBBYren munduko atal ezberdinek. Tartean, Elena Odriozola ilustratzaile donostiarra. Hemen kontsultatu daiteke zerrenda osoa.