Hemeroteka

2026-01-28

Albumen edizioari bi ikuspegitatik erreparatu diogu Biko-Teka 2026n

Biko-Tekaren X. edizioa iritsi da bere ekuatorera. Lantegiaren erdira iritsita, liburuaren katean lan egiten duten profesional ezberdinak etorri dira, ohi bezala, Biko-Tekara bisitan. Aurten bi ikuspuntutik heldu nahi izan diogu euskal album eta liburu grafikoaren edizioari. Horregatik, ibilbide luzeko argitaletxea den Ereingo Uxue Razkin zuzendari editoriala eta Tupust! Kolektiboko kide diren Maite Gurrutxaga eta Maite Caballero izan ditugu hizlari.

 

Razkinek Ereinek albumak argitaratzean duen lan egiteko modua aurkeztu die parte-hartzaileei, tartean haien galderak erantzuten joan da. 2021ean hasi zen Razkin Ereinen, gaur egun testu mota guztien editorea da, heldu zein haurrentzat argitaratzen direnena. Une honetan Ereinen urtean euskal egileek sortutako album bat edo bi argitaratzen dituzte. Albumen salmentari dagokionez, izenburu bakoitzeko 200 bat ale saltzen dira. Eta salduenak, itzulpenak izaten dira. Tarteka, sorpresak etortzen dira. Adibidez, 2023an argitaratu zuten “Hari ikusezina” (Miriam Tirado, Marta Moreno. Erein)  albumaren 3.000 ale saldu dituzte. “Gaiak eragin handia du”, aitortu du Razkinek. Kasu honetan dolua, amatasuna, heziketa dira gaiak.

Album baten inpresio gastuak 6.000 euro ingurukoak dira, baina gutxi saltzen denez, azken urteetan urritu egin dute argitaratzen dituzten album kopurua. Izan ere, gurean albumen inguruko kultura eskasa nabaritzen duela azaldu digu editoreak, azoketan ikusi izan dutenez. Haurrentzako albumak gurasoek erosten dituzte eta beti arazo bera ikusten diete, albumen salneurria garestia iruditzen zaie, eta letra oso gutxi dute. “Gurasoen iritziz, liburuari erabilgarritasuna hitzak ematen dio eta ez irudiak. Jendeak begiratzen dio hitzari. Eta haurrak, ordea, irudia seinalatzen du. Nahi dugu gure haurrek ikastea irakurtzen, baina irudiak  irakurtzen ere ikasi egin behar da, eta horri ez diogu garrantzirik ematen”, aitortu du Razkinek.

Sorgin gurpila da beraz, ez da saltzen, eta ez bada saltzen, ez da argitaratzen. Entzuleen artean elkarrizketa piztu da honen inguruan. Ondorio batera iritsi gara, heziketa behar da honen inguruan, albumarekiko kultura helduen artean indartzeko.

 

Hala eta guztiz ere, parte-hartzaileak animatu ditu lanak argitaletxeetara bidaltzera eta aholkuak eman dizkie Biko-Tekakideei: batez ere, lana bidaliko duten argitaletxearen katalogoa ondo aztertzea gomendatu die.

 

Norbere lanak argitaratzearen abantailak eta trabak

Tupust emakume komikigile eta marrazkilarien kolektiboaren sorrera eta garapena izan dituzte hizpide Maite Gurrutxagak eta Maite Caballerok, hain zuzen kolektiboa deseraikitzera doanean, amaitutzat jotzen dutelako haien ibilbidea.

Kezka bati erantzunez hasi ziren biltzen 2016aren bueltan: bazterrean, margenetan,  lanean ari ziren euskal emakume komikigileen lana zentrora ekarri nahian. Feminismotik eta euskaraz komikiak sortzea zen haien helburua.

 

Lehenengo bilera Tabakaleran egin zuten eta Komikigunean egin zen bigarrenean erabaki zuten aldizkari bat sortzeko proiektuari aurre egitea. Ez zuten liburu bakarra egin nahi, hasieratik nahi izan zuten hiru aleko aldizkari sorta argitaratzea. Eredu izan zituzten, “Spring magazin” aldizkari alemaniarra eta “La Leche” haurrentzako aldizkaria. Bi tintatan argitaratzea erabaki zuten estilo ezberdin haiek guztiak bateratzeko modu gisa.

Txalapartarekin argitaratu zuten lehenengoa. Bigarrengoan desadostasunak egon ziren argitaletxearekin. Lana egina eta bukatuta zegoen ordurakoBeste argitaletxe batzuekin bileraren bat egin zuten arren, bakarrik argitaratzea erabaki zuten.

 

Autoekoizpenaren logistikaren zama ez zutela oso ondo neurtu aitortu dute bi Maitek. Biltegia kide baten etxea da; bidalketak haiek egiten zituzten; ISBNa eskatu behar zen eta ordaindu; Lege Gordailua eskatu; irabazi asmorik gabeko elkartea sortu behar izan zuten diru-kontuei aurre egiteko…

Azken horrek, elkartea sortu behar horrek, higatu omen ditu batez ere. Elkar ezagutzen ez ziren indarrez betetako hamar bat gazte ziren hasieran kolektiboan, baina pixkanaka urritzen joan dira, bakoitzaren bizitzaren norabideak eragina izan du horretan, batetik. Bestetik, elkarren artean banatzen zituzten lanak eta lan horiek musutruk egiteak. Ale bakoitzean irabazten zutenarekin hurrengoa ordaintzen zuten.

Tupusten aurkezpenaren ondoren, luze aritu dira Biko-Tekakideak eta editore eta aldi berean sortzaile diren Uxue Razkin, Maite Gurrutxaga eta Maite Caballero albumen argitalpen aukerez, banaketa aukerez, album eta komikien salneurriez… bazkalordura arte luzatu da elkarrizketa.