Hemeroteka

2025-12-10

Aitziber Rayaren txanda da Ilustratzailearen Txokoan

Galtzagorriren xedeetako bat da haur eta gazte literaturan diharduten ilustratzaileen lana zabaltzea. Xede horri jarraiki 2012. urtean Donostiako Aiete Kultur Etxearekin elkarlanean Ilustratzailearen Txokoa proiektua sortu genuen. Ordutik, Galtzagorrik proiektu honen aholkularitza eta muntaia gauzatzen ditu.

Urtean zehar, txandaka, lau ilustratzaileren lanekin osatutako arte-instalazioak sortzen ditugu Aieteko liburutegiaren sarreran. Txokoa ez baita erakusketa soila: ilustratzaileek haur liburuetarako egindako ilustrazioak erakusteaz gain, objektu inspiratzaileak, eskulturak, zirriborroak, bitxiak eta sormenarekin dena delako harremana duten lanak ikus daitezke.

Oraingoan, Txokoan Aitziber Raya ilustratzailearen lanak ikusi ahal izango dira martxoaren 15a arte. Aitziber Raya Mungian jaio zen 2001ean eta Derion bizi da. 2023an Sorkuntza eta Diseinuan graduatu zen Euskal Herriko Unibertsitatean. Ondoren, Diseinu eta Ilustrazio ikasketak egin zituen Valentziako Unibertsitate Politeknikoan.

Ikasketak hastearekin batera, hasi zen ilustrazioarekin loturiko lehenengo lanetan. Izan ere, Gradu Amaierako Lan modura, bere amonaren errezetak biltzen dituen liburua sortu zuen: Las cosas se hacen con cariño.

Azken urteetan ibilbide emankorra izan du. Sugaar Argitaletxean argitaratutako liburu ezberdinak ilustratu ditu: Relatos de la Sección Oculta (2024) eta Las furias guíen tu firme brazo (2025). Haur eta gazte literaturari dagokionez, Galtzagorri elkarteak Iruñeko Udalaren laguntzaz urtero antolatzen duen Biko-Teka tailerrean parte hartu zuen 2024an. Bertan, astebetez Gotzone Butroirekin lau eskutara aritu zen lanean eta berarekin batera sortutako Orkestra zooragarria albumak Etxepare Saria eskuratu du 2025ean.