Aurrera doa Haur eta gazte literatura: bitartekaritzaren estrategiak eta praktikak ikastaroa. Generoen lanketarekin hasi gara, eta ahozkotasuna izan da landu dugun lehenengo gaia. Juan Kruz Igerabidek eta Yolanda Arrietak egin zuten saioa. Lehenengo eta behin, Igerabidek ahozkotasuna tradizioan txertatu zuen, eta ipuinen eta poesiaren oinarri antropologikoaz aritu zen. Ahozkotasuna eta idatzizko tradizioak alderatu zituen, eta gaueko ipuinak hamaika aldaera dituela gogoratu zuen. Gorputza, ahotsa eta bihotza aipatu zituen; denek bat egin behar dute kontaketan. Tradizioan bizitzari buruzko jakintza dagoela gehitu zuen; naturatik oso gertu dagoen jakintza da, sinboloz beteta dago, eta psikearen deskribapena ematen digu; esate baterako, Txanogorritxon pertsonaia bakoitzak irudikatzen duena —Igerabidek ipuin klasikoaren bertsio berezi bat kontatu zigun—.
Ondoren, Yolanda Arrietak bitartekariarentzat baliagarriak izan daitezkeen zazpi gako eman zituen, ahozkotasunari lotuta betiere. Gure gorputzak, ahotsa eta hitzak pizteko estrategiak eman zituen, eta ikasleak errepikan jarri zituen. Ahozkotasuna eta jolasa lotu zituen, tempoak eta arnasak antolatzeko tresnak eskaini, eta antzerkia egitera jolasteko; bide batez, irakurketa eta idazketa prozesua errazten duten egitura narratiboak ezagutzera eman zituen, zenbait album adibide gisa jarrita. Azalpen guztietan artean, ariketak egin zituen, eta, besteren artean, gorputza zatikatua dugula esan zuen, «eskufrenoarekin goaz». Haur poesiaren aldarria egin zuen, eta, oro har, irakurketaren ortua berregiteko premiaz aritu zen: «Gure gorputza gure lehenengo etxea da; gure leihoak zentzumenak dira; literaturak gorputz errota erabiltzen du errepikatzeko eta batzeko».