Hemeroteka


Elkarbanatu
2023-09-21

2024ko udan Triesten (Italia) egingo den IBBYren 39. Biltzarrean izena emateko epea zabalik dago

2024ko abuztuaren 30etik irailaren 1era egingo da IBBYren Nazioarteko 39. Biltzarra Triesten (Italian). “Join the revolution! Giving every child good books” /”Bat egin Iraultzarekin! Haur bakoitzari kalitatezko liburuak eskaintzen” lemapean, Biltzarreko antolatzaileek honako gaiak landu nahi dituzte: Kalitatezko liburuek munduaren aldaketarako duten boterea, haur eta gazte guztiek duten irakurtzeko eskubidea eta liburu-zubien eraikuntzaren beharra. Horretarako haur eta gazteen ahotsak bildu nahi dituzte biltzar honetan. Biltzarrean izena emateko epea zabalik dago, eta merkeagoa izango da 2024ko martxoaren 24ra arte. Gainera, antolatzaileek zabaldu berri dute komunikazioak edo posterrak aurkezteko epea, zeina 2024ko urtarrilaren 15ean itxiko den.

 

Oraindik behin-behinekoa den Biltzarreko egitaraua hemen kontsulta daiteke. Roberto Piumini, Giusy Quarenghi, Adolfo Córdova… bezalako egile eta bitartekariek emango dituzte hitzaldi nagusiak. Baina egitarauaren baitan mahai-inguruak, lantegiak eta aurkezpen eta posterrak ere ugariak izango dira. Azken hauek bost gai nagusiren inguruan eskatu dituzte antolatzaileek, beti ere kalitatezko haur liburuen iraultza hizpide: Hizkuntzen, kulturen eta herrialdeen arteko mugak eta zubiak; publikoaren garapenerako estrategiak (komunikabideak, sare sozialak, azokak…); kalitatezko liburuak aldaketaren eragile gisa; irakurle gazteak eta hauekin lantzeko proiektuak; eta aldaketaren eragile diren kalitatezko liburuak erabiltzen dituzten bitartekariak (bibliotekari, irakasle, autore, argitaldariak…). Aurkezpen eta posterrak aurkezteko beharrezko informazio osoa hemen topatu daiteke.

 

Ohi denez, gainera, 2024ko Andersen Sariak eta IBBY Ohorezko Zerrenda aurkeztuko da egun horietan zehar. Ohorezko zerrenda horretan, Galtzagorrik proposatuta, Euskal Haur eta Gazte Literaturako bi lan hauek sartuko dira: “Itsasoaren atea” (Miren Agur Meabe, Elkar 2021), idazleen kategorian; eta “Hona gu hemen: Lur planetan bizitzeko oharrak” (Garazi Arrula, Txalaparta, 2020), itzultzaileen kategorian. Horrez gain, IBBYk egun horiek baliatzen ditu bere lan-bilkurak egiteko: besteak beste, IBBYren Batzorde Orokorreko kideak eta Bookbird aldizkariaren korrespontsalak bilduko dira Triesten.