Hemeroteka


Compartir
2025-10-24

Liburutegien Eguna

Liburutegiaren Nazioarteko Egunean, Galtzagorri elkartean badugu ospatzeko arrazoirik.

Izan ere, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen, Jabetza Intelektualaren eta Lege Gordailuaren Zuzendaritzaren Liburutegi Zerbitzuarekin batera bi egitasmo jarri ditugu martxan.

Alde batetik, 2017tik Gipuzkoan bertako Aldundiari esker eskaintzen zen Literatura aretoen Zirkuitua, EAE osora zabaltzea lortu dugu 2025ean. Shhhhuuumendia hitzik gabeko liburuen eztanda literatura aretoa aukeratu dugu horretarako eta Gernika-Lumoko Udal Liburutegian, Atxondoko Udal Liburutegian, Gasteizeko Ignacio Aldekoa Kulturetxean eta Kanpezuko Udal Liburutegian gauzatzen ari gara. Urtea amaitu aurretik, 8-12 urte bitarteko 1.000 haur inguruk ezagutu eta gozatuko dute.

Horrez gain, Liburu hari boom proiektua abiatu dugu aurten eta EAEko bost liburutegitan 12-18 urte bitarteko gazteekin guztira 17 saio inguru eskaintzea aurreikusten dugu. Saio horietan gazteekin irakurketa esperientziez arituko gara, ideiak, kezkak, zaletasunak eta zailtasunak partekatzeko tartea hartuz. Horrez gain, ohiko ibilbideetatik kanpo dauden liburuak aurkeztuko dizkiegu, gehiagoren gose diren gazte horiek asetu eta irakurketatik urrun sentitzen diren horiei bideak zabaltzeko.

2025ean martxan jarri ditugun bi egitasmo horiez gain, urte luzez liburutegiekin batera antolatzen ditugun ekintza anitzak ere gogora ekarri nahiko genituzke. Gure lana eusten duen zutabe handietako bat osatzen baitute liburutegiek.

Azkenik, egun berezi honetan ez genituzke eskola liburutegiak ahaztu nahi, gaurkoa horien beharra aldarrikatzeko eguna ere badela esanez. Horretarako, Amigos del Libro elkarteak egindako kartel ederra uzten dizuegu jarraian.