Hemeroteka

2024-04-15

Irakasleentzako lantegiak hasi dira

Aurten ere Irakurzaletasuna sustatzeko irakasleentzako lantegiak egitasmoa martxan jarri dugu Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren laguntzari esker eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 72 eskolei aholkularitza-zerbitzua eskainiko diegu. Barakaldoko Munoa eskolako Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako irakasleek jasoko dute gaur saioa, eta apirilaren 19an, Alonsotegi ikastetxeko irakasleek. Araban Laudioko Lamuza eskola izango da lehena, apirilaren 22an. Egun berean hasiko dira Gipuzkoako saioak, Eibarko Urkizu eskolan.

Proiektu honen helburua EAEko haur eta gazteengan (3 urtetik 16 urtera) euskaraz irakurtzeko zaletasuna sustatzea da, eta horretarako irakasleak trebatzea irakurketaren bitartekari eraginkor izan daitezen. 2024. urtean zehar 72 saio egingo ditugu HH-LHko eta DBHko irakasleei zuzendutakoak. Galtzagorri elkarteko hiru profesional arituko dira gehienez ere bi orduz iraungo duten saio hauek eskaintzen: Mireia Delgado, Saroa Bikandi eta Mari Garcia.

Galtzagorriko adituak liburu bete gurdiekin iritsiko dira ikastetxeetara eta liburu bakoitza lantzeko estrategiak eskainiko dizkiete irakasleei. Oraingoan 43 liburu berri bildu dituzte gurdietan; 16 liburu DBHko irakasleei zuzendutakoak dira eta 27 HHkoei nahiz LHkoei.

Lantegietan aurkezten eta lantzen diren liburuak gida batean jaso ditugu. Urtero liburuak berritu egiten direnez, liburu-gida berria sortu ohi dugu. Aurten, gidari formatua aldatu diogu. Fanzine erako liburu gida osatu dugu, HH-LHrako gomendatutako izenburuekin bat; DBHko gazteentzat aukeratutakoekin beste bat. Gida berriak “ZIPRIZTINAK” izenburua darama eta Lorena Martinezek egin du honen diseinua, maketazioa eta baita ilustrazioak ere. Moldez zein edukiz da berria aurtengo gida: fanzine horretan iruzkin jostalariak osatu baitira, lantegietan erabiliko diren liburuen eta fikzio digitalen ezaugarriak jasotzearekin batera. Iruzkinean bertan esku-hartze proposamenak iradokitzen dira izenburu bakoitzaren oinarrizko zertzeladak ematearekin batera. 2023an bezala, lantegia egingo duen irakasle bakoitzari bana emango zaio.

Lantegi erabat praktikoak dira

Saio guztiak irakasleei zuzendutakoak dira eta bertatik bertara egingo dituzte eskoletan. Adituak hara joango dira ikastetxeekin adostutako hitzorduan. Goizean, eguerdian edo arratsaldean egingo dituzte saioak. Tokiko udal liburutegien eta eskolen arteko elkarlana hauspotzeko, irakasleekin batera liburuzainak arituko dira lantegietan. Irakurzaletasuna sustatzeko lantegiak erabat praktikoak dira. Liburu zerrendak aletu eta liburu bakoitza ikasleei erakargarri egiteko estrategiak eskainiko dizkiete Galtzagorriko adituek.