Hemeroteka

2025-11-12

Euskal Ilustrazioaren Eguna lehen aldiz ospatzeko hainbat ekimen antolatu ditu Euskal Irudigileak elkarteak

Abagune berezi honetarako, Elena Odriozolak egin du kartela. 2025eko azaroaren 12a Lehen Ilustrazioaren Eguna izango da, eta Odriozolaren irudian jasota geratuko da betirako. Ilustrazioaren alorreko figura esanguratsu bat omentzeko baliatu du ospakizuna Euskal Irudigileak Elkarteak: hain zuzen ere, “Nor-Nai” izengoitiarekin ezagun egin zen Ignacia Zabalo Ballarin, XX. mendeko lehen euskal ilustratzaile profesionaltzat hartzen dena. Jon Zabalo “Txiki”ren arreba zen Ignacia. 34 urterekin hil zen ilustratzailearen lanak gaurkotasun handia izaten jarraitzen du eta haren inguruko misterioak hazten jarraitzen du.

Eguna ospatzeko, azaroaren 12ko astean zehar hainbat ekimen gauzatuko dira. Abenduaren 13ra arte izango ditu zabalik ateak Bilboko Foru Liburutegiaren 2. Solairuko Areto Nagusian ILUSTRAZIOAREN EGUNA izeneko erakusketak. Astelehenetik ostiralera goizeko 10:30etatik 14:30etara eta 16:30etatik 19:30etara eta larunbatetan 10:30etatik 13:00etara bisitatu ahal izango da.

Bertan, “Nor-Nai”ren lana erakusteaz gain, Ilustrazio Saria eskuratu duten lau ilustratzailek (Joseba Larratxe, Maite Mutuberria, Javier de Isusi eta Yolanda Mosquera) “Nor-Nai” omentzeko egindako irudiak erakutsiko dira, besteak beste. Euskadiko ilustrazioaren azken bost hamarkaden atzera begirakoa ere ikusgai izango dira. Erakusketari lotutako liburuxka ere plazaratu du Euskal Irudigileen elkarteak Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzari esker, non, ilustrazioaren alderdi ezberdinen inguruan hainbat adituk idatzitako artikuluak apailatu dituzten. Artikulu horietako bat gauzatu du Galtzagorri elkarteko zuzendaritza batzordeko kide eta Arrasateko Bibliotekako arduradun den Asun Agirianok.

Ilustrazioaren bueltako ekintzen mapa

Hego Euskal Herriko beste hiru hiriburutan ere jarduerak eta erakusketak izango dira. Bestalde,  ilustrazioarekin zerikusia duten jarduera eta tokiekin mapa bat sortu dute: liburu-dendek, kultur-etxeek, arte galeriek eta abarrek ilustrazioaren inguruan antolatzen dituzten ekimenekin osatuz joango da urtez urte. Ekimen honen xedea ilustrazioa bizirik dagoen espazioak balioan jartzea da.

Mapa horretan ageri da, besteak beste, Galtzagorri elkarteak Aiete Kultur Etxearekin lankidetzan 2012. Urtetik egiten duen Ilustratzailearen Txokoa ekimena. Bertatik, euskal ilustrazioaren izen kontsakratuak nahiz hasi berriak igaro dira urte hauetan guztietan. Egun, Berta Sueskunen lana dago ikusgai abenduaren 7ra arte.

Haur Literaturako ilustratzailearen lanbideaz Naiz irratian

Ilustrazioaren Egunaren harira, Haur eta Gazte Literaturako ilustratzaileen lanbidearen berri eman nahi izan zuen Galtzagorri elkarteak urriaren 29an Naiz Irratiko Zebrabidean saioan. Izaskun Jauregi Galtzagorriko idazkari teknikoak Maite Gurrutxaga ilustratzailea eta Asun Agiriano bibliotekaria gonbidatu zituen eta elkarrizketan zehar ilustratzaile horien eguneroko lanaz, topatzen dituzten trabez eta aukerez mintzatu ziren. Hemen duzue elkarrizketa entzungai.