Hemeroteka

2026-06-23

Espainiako kontalarien elkarteak Arantzazun egingo du Udako Eskola

AEDAk Espainiako Kontalari Profesionalak biltzen dituen Elkarteak XI. Udako Eskola egingo du ekainaren 29tik uztailaren 2ra Arantzazun, Oñatin. Egunero hitzaldiak, solasaldiak, tailerrak eta ipuin kontaketak egingo dituzte Arantzazuko hotel ezberdinetan.

Udako eskola honi hasiera emango diote ekainaren 29an Oñatin egingo diren Ahozko Narrazioa eta Irakurmena izeneko Jardunaldiek. Egun osoko egitaraua prestatu dute egun horretarako eta bertan parte hartuko dute, besteak beste, Galtzagorri elkarteko Pello Añorgak eta Mireia Delgadok.

Añorgak unibertsitatean eskaintzen den ahozko narrazioari buruzko prestakuntza izango du hizpide goizeko 10:15etan emango duen hitzaldian. Delgadok ahozko narrazioan prestatzeko dauden esperientzia ezberdinak jorratuko dituen mahai-inguruan parte hartuko du. Pep Bruno, Itziar Rekalde eta Estrella Escriña izango ditu mahaikide.

Arratsaldez lau lantegi eskainiko dituzte aldi berean. Horietako bat gidatuko du Mireia Delgadok. Izenburu hauxe jarri dio: “Bitartekaritzaren artearen sekretuak”.  Jardunaldiko saio guztiak Oñatiko Santa Ana antzokian eta Kultur Etxean egingo dira.

 

Jardunaldian bakarrik parte hartu daiteke edo udako eskolan izena eman. Bigarrengo aukeran, lotarako lekua ere eskaintzen dute antolatzaileek. Informazio guztia hemen aurkitu daiteke: https://labur.eus/aedaeskola26