Euri eta ateri

Euri eta ateri
  • Egilea: Alaine Agirre
  • Ilustratzailea: Yolanda Mosquera
  • Maila: DBH 3-4
  • Argitaletxea: Elkar
  • Urtea: 2025
  • Azalpena:

    Eleberri soziala da Alaine Agirrek ondutako lan hau, pertsona baten apurketa eta ondorengo osatze prozesua kontatzen duena bi parte ezberdinetan. Lehenengo atala urbanoa da eta Nora Chen protagonistaren lan eta bizi itogarriaren berri ematen digu, urtarorik gabeko hiri gris batean kokatuta. Bigarren atala kostunbrista da, eta Izeba Zenbrinaren baserria kokatua den parajean emango da protagonistaren osatze prozesua eta eraldaketa, urtaroak eta lasaitasuna nagusi diren testuinguruan.

    Narrazioa hirugarren pertsonan kontatzen bada ere, amaieran deskubrituko dugu protagonista bera dela narratzailea. Hori dela eta, ikuspuntu dramatiko eta era berean ironikoa ematen dio kontaketari, umorezko tonu batetik, modu oso finean metaforen bitartez deskribatuz Nora Chenen aldarte emozionala.

    Literatur proposamen berezia dugu ezbairik gabe “Euri eta ateri”, eta hala bilakatzen dute liburuaren bestelako ezaugarriek ere -azal gogorrak izatea- eta bereziki Yolanda Mosqueraren ilustrazioek eta koloreen konbinazioen jolasak. Urtarorik gabeko atal hotz eta bizigabetik -granate, gris eta beltzez irudikatuta-, urtarodun atalera igaroko gara, urdin ilun bizi bat eta urre kolorea baliatuko dituelarik kontaketa literariotik haratago doan errepresentazio bat eskaintzeko. Koloreez ez ezik, janzkera ezberdinez, hauen formez, edo naturako elementuen presentziaz jabetzea irakurlearentzako erronka polita bilakatuko da.

    Ilustrazioek funtzio esanguratsua betetzen dute, testuaren sinbolismoa eta emozioak adierazten eta osatzen dituzte. Esan daiteke istorioaren parte aktiboa direla.

    Hamaika kapituluz osatutako lana da eta kapitulu bakoitzak orrialde osoko ilustrazio bat edo bi ditu lagun.

    Liburuak testua eta fisikotasuna xeheki uztartzen ditu. Azalerako aukeratutako ilustrazioak protagonistaren hasierako egoera erakusten du, aterki beltzaren pean, kolore gorriko euritakoan bilduta eta irakurleari erdi bizkar emanez, eta hasierako nahiz amaierako babes orriek ere jarraitzen dute bere prozesuaren aldaketa koloreen bitartez, hau da, hasierako babes orria gorria da eta amaierakoa urdina.

    Kontrazaleko testua ere iradokitzailea da, irakurleari erronka jotzen diona: “Baldin eta zu, balizko irakurle hori, atearen bestaldean dagoena ikusteko beldur bazara, ez dizut gomendatzen, inondik inora, liburu hau etxera eramatea, arriskutsua izan liteke eta”.

    Hitzak mimo handiz aukeratu dira testu honetan. Zenbait momentutan aukeraketa horren kontzientzia aipatu egiten zaio irakurleari lan literarioaren aldamioak erakustea obraren geruza bilakatuz (22-23; 50; 62 orrialdeak adibidez). Zentzua eta soinua zaindu dira izenburutik hasita testu osoan zehar hitz-joko edo onomatopeien erabilerarekin, besteak beste.

    Amaitzeko, azpimarratu behar da liburu honek irakurlearengan etengabeko barne-hausnarketa pizten duela: “zer gertatzen da bizitza “automatikoan” bizitzen hasten garenean?”; “zenbat denbora jarrai dezake pertsona batek bere mugak entzun gabe?”; “benetan aukeratzen dugu bizi dugun erritmoa ala inposatuta datorkigu?”; “zer behar dugu berriro geure burua entzuteko?”; “zergatik kostatzen zaigu zaurgarri agertzea edo laguntza eskatzea?”; “zer da “ondo egotea”?”...

ATZERA