Freddy Gonçalves ikertzaile, idazle, editore eta bitartekariak hitzari buruz mintzatu zen Haur eta gazte literatura: bitartekaritzaren praktikak eta estrategiak ikastaroan. Pez linterna blogaren sortzaileak eskarmentu handia dauka irakurketa bitartekaritzan; bereziki gazteekin. Zer egiten dute gazteek inor begira ez dutenean? Bideo bat jarri eta haren gainean hitz egin zuen Gonçalvesek. Irudietan hainbat gazte agertzen zen; dantzan, trenean, ibiltzen... Arestian egindako galdera egin zien bitartekariak, eta jaso zituzten bideo txatalekin osatutako pieza erakutsi zuen. Hortik hasi eta ondoren, gosaldu aurretik bururatu ahal zaizkigun sei kontu ezinezkoei buruz arituko zela aurreratu zigun.
Sei "gauza" horien iturburuan eta jomugan gazteak, bitartekaritza eta gaztaroa kokatu zituen. Bereizi zituen irakurzaletasuna, irakurketaren sustapena eta bitartekaritza. Gazteen eta kulturaren arteko harremana mudatuz doala nabarmendu zuen. Literatura esplorazio gisa aurkeztu zuen. Boz goraz irakurtzearen onurak azpimarratu zituen. Irakurketaz duten pertzepzioa deskribatu zuen, baita irakurle gisa nola perzibitzen diren ere. Liburuak erakutsi zituen eta ariketak egin zituen ikasleekin. Saioa nahi baino azkarrago igaro zen.