Hemeroteka


Compartir
2023-11-28

Zabalik dago BIKO-TEKAn izena emateko epea

BIKO-TEKA ilustratzaile-idazle bikoteei eskainitako tailerra da. Izena banaka eman daiteke eta guk hartzen dugu sortzaileak bikotzeko ardura. Helburua albumei eta liburu ilustratuei buruz jardutea da, bost egunez, Iruñean, Harkaitz Cano eta Aitziber Alonso gidari direla (idazlea eta ilustratzailea). Ikastaroa doanekoa da eta izena emateko epea irekita dago abenduaren 1era arte. 

Zer behar duzue? Urtarrilaren 29tik otsailaren 2ra Iruñeko Kondestable jauregian egoteko aukera, goizetik arratsaldera, egun osoz irauten du tailerrak (09:00-14:00 eta 15:30etik 18:30era). Idazten baduzu, idatzitako ipuin, poema edo zernahiren lagin bat, orrialde batekoa. Ilustratzen baduzu, zure lanaren lagina (proiektu bereko hiru ilustrazio). Bikotuta bazatozte, egingo zenuketen proiektuaren zirriborro bat. Izan ere, BIKO-TEKAn, gidarien aldetik teoria baino arte adierazpen ezberdinen estimulazioak eta ariketa proposamenak egiten dira taillerrean batetik eta, bestetik, proiektuak garatzeko denbora ere hartzen du BIKO-TEKAk. Tailerra amaitzen denean, gidariekin harremana izateko aukera dago, eta hiru hilabetez haiekin harremana izango dute nahi duten bikoteek. 

BIKO-TEKA tailerraren beste ezaugarri bat da hara bertara liburuak eramaten ditugula: bi maleta. Liburuez gain, bisita bat ere jasotzen da han. Hain justu, euskarazko haur eta gazte liburuaren sareko bisitariak iristen dira: editoreak, sortzaileak, liburuzainak... 2024ko BIKO-TEKAko bisitariak izango dira: Ikaselkar proiektuan lanean ari diren Junkal Lertxundi (KIMU proiektuko Euskara eta literatura atalaren sortzailea) eta Idoia Arozena (KIMU proiektuko Euskara eta literatura atalaren editorea) eta Carmen Elvira Pamielako editorea, Elvirak besteren artean Bagara arteari lotutako albumen bildumaren berri emango du. 

Egun intentsoak izaten dira BIKO-TEKAkoak, burua eta eskuak lanean, estimuluak eta inspirazioak ehizatzeko egunak dira, jendea ezagutzekoak ere bai. Animatu eta eman izena!

Hemen deialdia.