Hemeroteka


Compartir
2026-04-16

Uxue Alberdik eta Axpik gidatuko duten MARRAZIOAK tailerrean izena emateko epea ireki dugu

Hemezortzi urte beteko ditu aurten ekainaren 8tik 12ra Undermount kultur espazioan (Igeldon) egingo dugun MARRAZIOAK tailerrak. Tarota. Arkanoetatik xehetasunetara” goiburupean, parte hartuko duten ilustratzaileentzat tarota eta karta-sortak bihurtuko dira ilustrazio obra baten sorkuntzarako abiapuntu eta egitura proposamen. Tailerraren hari nagusia kartetako pertsonaien arteko balizko harremanak eta kartetan agertzen diren egoerak arakatzea izango da. Tailerraren xedea da parte hartzen duten ilustratzaileek istorio propioak sortzea karta-sortek eskaintzen dituzten bi ildo horietatik tiraka.

Galtzagorri elkarteak Gipuzkoako Aldundiaren babesarekin antolatzen duen tailerra trinkoa izango da aurten ere. Bost egunetan zehar, astelehenetik ostiralera, goizeko 10:00etan abiatu eta 18:00ak arte egongo dira lanean ilustratzaileak. Orotara, 35 orduko prestakuntza da. Egunero, ordubete izango dute bazkaltzeko.

Izena eman nahi duten ilustratzaileek ez dute zertan lan argitaraturik izan behar eta izen-ematea osatzeko dosierra edo 10 irudiz osatutako lagina aurkeztu beharko dute, haien estiloa, estetika eta ildoak irudikatzen dituztenak.

Horrez gain, ohiko dokumentuak atxiki beharko dituzte –CV, NANaren kopia bat, posta elektronikoa eta telefono zenbaki bat–. Dokumentazioa wetransfer bidez bidali beharko dute honako helbidera: galtzagorri@ibbygaltzagorri.eus–era maiatzaren 4a baino lehen. Aukeratuko diren 10 ilustratzaileek formazio trinko hau doan egin ahal izango dute eta maiatzaren 11ko astean jakinaraziko zaie. 

Parte hartzeko informazio osoa hemen: MARRAZIOAK 18_Deialdia

 

Parte hartzetik gidaritzara

Edizio bakoitzean gidarien iradokizunei jarraituta gai jakin bat aukeratzen du Galtzagorri elkarteak MARRAZIOAK ilustrazio topaketarako. Gidariek gaiak nola jorratuko dituzten ere proposatzen dute. Hiru gidari-bikote izan ditugu orain arte, txandakatzen joan direnak: Harkaitz Cano eta Ignasi Blanch, Gustavo Puerta eta Elena Odriozola, Juan Kruz Igerabide eta Maite Gurrutxaga. Hamazazpi edizio egin ditugu honezkero, eta MARRAZIOAK Ilustratzaileentzako topaleku eta trebakuntza espazio bezala egonkortu da. Hala frogatzen du aurtengo edizioa gidatuko duen bikotea osatzen duten Ainara Azpiazu “Axpi” ilustratzailearen eta Uxue Alberdi idazlearen ibilbideak. Biek ala biek MARRAZIOAK-en parte hartu izan baitute: Alberdik 2010ean egin zen bigarren edizioan parte hartu zuen, hots, idazle eta ilustratzaile bikoteei eskaini zitzaien edizio bakarrean. Ainara Azpiazu “Axpi”k MARRAZIOAKeko hasierako hainbat eta hainbat ediziotan parte hartu zuen, gaur egun EHGLn kontsakratuak diren beste ilustratzaile ugariren antzera.