Behinolaren 53. zenbakia URDINA da. Erreportajean urdinari buruzko gogoeta egin dugu, eta oro har koloreari buruzkoa. Batetik, liburuek eta aldizkariek inprimategian egiten duten bidea aztertu dugu Behinolak egiten duena adibide gisa hartuz. Zenbat erabaki hartu behar dira zernahi sormen lan liburu edo aldizkari bilakatu dadin? Zer nolako erabakiak dira? Bestetik, koloreari berari buruzko hausnarketa egin dugu; kolorea argia eta mugimendua da; urdinaren historiari jarraitu diogu, kolorearen pertzepzioa beti baita konbentzioa eta, hala denez, aldatuz doa bai denboran bai espazioan. Horrez gain, kolorearen tratamenduari erreparatu diogu ilustrazioari eta testuari dagokienez. Azkenik, zortzi euskal idazleri eta ilustratzaileri euren kolore faboritoa zein den esateko eskatu diegu.
Azala eta kontrazala Paula Estévezek egin ditu, baita Sormenez ataleko ilustrazioak ere; atal bereko sormen lana Edu Zelaietak idatzi du. Denbora-pasa Olaia Martínezek eta Lau Eskutara sailean, batetik, inprenta digitalaz idatzi du Rodona inprimategiko Ana Iribarrenek eta, bestetik, errisografia lantzen duen Antoher Presseko Begoña Cuberíak idatzi du. Bere liburu kuttunaz idatzi du Juan Kruz Igerabide idazleak eta euskarara itzultzeko proposamen gisa Txanogorritxoren bertsio gogoangarria aukeratu du Mireia Delgado Behinolako erredakzioko kideak. Iruzkinak berariaz egin ditugu, eta gomendatu ditugun liburu guztiak kolorearekin eta urdinarekin lotura dute.
Harpidea bazara, Behinola zure postontzira bidean doa, ez bazara harpide eta tentazioa baduzu, jarri gurekin harremanetan .).